Nora Muñoa: «Ezjakinak dira bainulari asko»

Onintza Lete Arrieta 2018ko eka. 7a, 08:00
Nora Muñoa soroslea. (Onintza Lete Arrieta)

Hondartza denboraldia hasi da kostako herri batzuetan, eta hastear da besteetan. Sorosleek lan asko izan ohi dute, bai behintzat Zarauzkoek, Nora Muñoak azaldu duenez. 

Nora Muñoak (Zarautz, 1995) seigarren urtez zainduko ditu Zarauzko hondartzako erabiltzaileak. Ekaina hastearekin batera zabaldu zuten hondartza denboraldia, eta Muñoa hilaren 16an hasiko da lanean Gurutze Gorriaren zerbitzuan.
 
Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa nabarmenik egongo da aurten zuen lanean?
Orokorrean, ez. Baina ikusten ari gara urtez urte jende gehiago datorrela, eta masifikazioak arazo asko eragiten digu.

Zein dira arriskuak edo kontuan hartu beharreko elementuak Zarauzko hondartzan?
Hondartza hau itsaso zabalean dago, eta, horregatik, arrisku gehien korronteek eragiten dute. Txurroak deitzen diegu  itsaso barrura bultza egiten duten korronteei. Arriskutsuak dira, konturatu gabe barrualdera eramaten zaituztelako, eta bat-batean ez duzulako lurrik zapaltzen. Bainulari asko ez dira oso trebeak igerian, eta korrontetik ateratzen saiatzen dira hondartzari begira igerian eginda, baina korronteak atzera eramaten ditu. Alboetara eramaten duten korronteak ere badaude, baina horiek ez dira arriskutsuak.

Non sortzen dira korronte arriskutsu horiek Zarautzen?
Bospasei korronte daude oraintxe bertan, baina aldatuz doaz. Kontuan izan behar da itsas hondoa hondarra dela, eta hondarra mugitzen denean, korronteak ere mugitu egiten direla. Azken urteetan, batez ere, Beraza, Borghetto eta Eguzki-Lore parean daude korronte arriskutsuenak, baina, esan bezala, aldatuz doaz. Urte batetik bestera, batzuetan berria ateratzen da, edo metro batzuk mugitzen dira.

Bost eremu surflarientzat, eta beste horrenbeste bainularientzat. Nola egiten da banaketa?
Geroz eta zailagoa da. Hondartza bost eremutan dago banatuta, eta udalak esaten digu bakoitzean gutxienez eremu bana jarri behar dela surflarientzat eta bainularientzat. Olatu tokiak dira zonalde seguruenak bainularientzat; hor korronteak hondarretara bultzatzen duelako eta ez itsaso barrura. Baina, era berean, surflarientzat ere horiek dira toki onenak. Horregatik, zaila da mugak ezartzea. Noski, lehentasuna bainulariei ematen diegu. Baina, batzuetan, zentzugabekeria handia da eremuena.

Zergatik?
Gertatzen delako itsasoa bare-bare egon, eta hala ere surflarientzako bost eremu gorde behar izatea. Ez dauka zentzurik. Eta, alderantziz. Halakoetan eremuak txikitu egiten ditugu, baina muga asko dugu.

Esan duzu hondartza masifikatuta dagoela.
Bai, herrian izugarrizko arazoa dugu masifikazioarekin. Modan jarri da surfa Zarautzen, denek nahi dute egin, eta, horrez gain, bainulari pila bat etortzen dira. Hondartza luzea daukagu, bai, baina ez da infinitua, jendeak hori pentsatu arren. Eta masifikazioa dagoenean, oso zaila da surflarien eta bainularien arteko elkarbizitza.

Erreskate asko egiten al dituzue?
Astero atera behar izaten dugu jendea itsasotik, batez ere, korronteengatik. Berez ez da zaila korrontetik ateratzea, baina jendeak, oro har, ez daki nola egin. Hondartza denboraldian ez da inor itotzen normalean, baina orain bi urte, esaterako, korronteak eraman zuen emakume bat, eta hil egin zen.

Momentu gogorrak izango dira zuentzat ere.
Bai, gogorra da. Burua jaten duzu, pentsatuz zuk lehenago identifikatu izan bazenu laguntza behar zuen hori, gauzak bestela gerta zitezkeela. Baina batzuetan gertatu egiten da, eta hori argi eduki behar dugu. Masifikazioak zaildu egiten du guk identifikatzea nor dagoen larri.

Eta horren aurrean, zer?
Oso garrantzitsua da laguntza behar duen horrek eskua altxatzea edo garrasi egitea. Gu ohartu ez arren, ondoko bainulariak konturatuko dira, eta haien bitartez segituan jakiten dugu; katea azkar iristen da gugana.

Bost urte hauetan bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizun.
Bateren bat, bai. Esaterako, behin gizon batek galdetu zidan ea non zegoen Zarauzko beste hondartza; goizean egon zela, eta gero ez zuela aurkitzen. Mareak zer diren ez dakite askok. Beste batzuek galdetzen dute ea festengatik jarri ditugun banderak. Ezjakinak dira bainulari asko. Informazio falta handia dago, eta hor udalak lanketa egin behar lukeela uste dut.