4. Tropela Hondartzan, ekainaren 17an

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 8a, 11:11
Orain bi urteko txapelketako une bat (Loraine Lekuona)

Haurrek eta helduek hartu ahalko dute parte ziklistatxoekin eta kanikekin egiten den jokoan. Txapelketez gain, goiz osoan zehar vintage txirrindularitza erakusketa egongo da ikusgai Malekoian. 

Laugarren urtez, hondartzan ziklistatxo eta kanikekin jokatuko dute herritarrek ekainaren 17an, garai bateko jokoa berreskuratuz. Tropela elkarteak antolatu du Tropela Hondartzan egitasmoa, eta herritarrak animatu ditu bertan parte hartzera.

Batetik, ziklistatxoen txapelketa jokatuko dute, kanikekin lagunduta. Txapelketa 11:30ean hasiko da, baina 09:30ean hasiko dira zirkuituak prestatzen. Taldeka lehiatuko dira, hiruko taldeetan, bi mailatan: haurrak (12 urtera arte) alde batetik, eta helduak (13tik gorakoak), bestetik.

Sari banaketa 14:00etan izango dela jakinarazi dute.

Horrez gain, goiz osoan zehar erakusketa egongo da ikusgai Malekoian. Vintage txirrindularitza erakusketa prestatu dute, izan ere: ziklistatxoak, kromoak, aldizkariak eta abar jarriko dituzte ikusgai.

Txapelketan izena eman nahiz araudia ikus daiteke, Tropela elkarteak prestatutako webgunean.