Asteartean amaituko dute Emakumeen Etxeari buruzko partaidetza prozesua

Onintza Lete Arrieta 2018ko eka. 11a, 10:08
30 emakume inguru elkartu dira lan saioetan (Parekidetasun Departamentua)

Udalak hainbat lan saio egin ditu emakumeen gune berria herritarrekin adosteko, eta bihar egingo dute azken bilkura. Kudeaketa izango dute hizpide, eta ondoren mokadutxo bat eskainiko diete parte hartzaileei.

Zarauzko Udalak prest eduki nahi du Emakumeen Etxea urte amaierarako edo datorrenaren hasierarako. Hala, azken asteetan partaidetza prozesuan aritu dira. Maiatzean hainbat lan saio egin dituzte, eta bihar egingo dute azkena, gune berriaren kudeaketaz iritziak jasotzeko.

18:00etan da hitzordua, Etxezabalako behe solairuan. 20:00ak arte iraungo du batzarrak, eta ondoren mokadutxoa egingo dute. Horrekin amaituko dute parte hartze prozesua.

Ereduak eta iritziak partekatuz

Aurrez, hainbat gai jorratu dituzte prozesuan elkartu diren emakumeek. Esaterako, mahai inguru bat egin dute beste toki batzuetako ereduak gertutik ezagutzeko. Hain zuzen, Azpeitiko eta Donostiako Emakumeen Etxeetako funtzionamendua eta bilakaera ezagutu dituzte.

Noski, Zarauzko gune berriaz hausnartu dute bereziki: gunea zergatik behar den, zertarako, eta zer zerbitzu eman behar lituzkeen, besteak beste. 

Saio bakoitzean 30 emakume inguruk hartu dute parte, eta Parekidetasun Departamentuak eskerrak eman dizkie denei, egindako ekarpenengatik.