Seigarrenez eskainiko du Zarauzko Udalak Daniel Txopitea Arte Sorkuntzarako Beka. Hainbat teknika artistikotako proiektuek har dezakete parte beka deialdian, eta lanak aurkezteko epea uztailaren 30ean amaituko da. Norbanakoek nahiz elkarteek har dezakete parte.
Bekaren onuradunak, gehienez 3.000 euro jasoko ditu proiektua garatzeko. Horretarako hiru eta sei hilabete arteko denbora tartea izango du.
Oinarriak eta baloratuko diren ezaugarriak
Oinarriak eta deialdia www.kulturazarautz.eus webgunean daude eskuragarri. Zentzu horretan, jakinarazi dute lehentasuna emango zaiela gazteei (18 eta 30 urte artekoei) eta Zarautzen erroldatuta egotea ere baloratuko dutela (gutxienez hiru hilabete lehenagotik erroldatuta egotea).
Balorazio irizpideak, berriz, honakoak izango dira:
-Aurkeztutako proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta originaltasuna.
-Proiektu berean hainbat gai biltzea, eta haren ekarpena Zarauzko ikus-arteentzat.
-Euskararen erabilera lehenestea.
-Genero berdintasunaren alorrean, eragin positiboa duten gaiak edo irudiak erabiltzea.