Sanpelaioak 2018

Asteburuan abiatuko dituzte sanpelaioak Iñurritza auzoan

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 14a, 16:01

Oraindik astebete baino gehiago falta da sanpelaioei hasiera emateko, baina pixkanaka-pixkanaka hasi da giroa berotzen herrian; danborradetako entseguekin, esaterako. Iñurritzan, urtero legez, lehenagotik hasten dira ospatzen. Auzoko jai batzordeak hainbat ekitaldi antolatu ohi du astebete lehenago, eta aurten ere ez du hutsik egingo.

Larunbat honetan, 10:00etan auzokoen arteko paleta partida izango da Iñurritzako frontoian. 10:30etik aurrera, bertako produktuen azoka egingo dute; barazkiak, eztia, ogiak, gozogintza, gazta, haragia, loreak eta artisau produktuak izango dira, besteak beste. Era berean, haurrentzako Mendi marrazki txokoa izango da frontoian,  11:30ean, eta ipuin kontalaria, 12:15ean. Goiza biribiltzeko, 12:30etik aurrera, txakolin dastaketa egingo dute.
Arratsaldean, Jalgi dantza taldearen erakustaldia izango da, 17:30ean, eta, ondoren, triki poteoa egingo dute Iñurritzako tabernetan, 18:30ean hasita. Kantu afariarekin amaituko dute eguna, 22:00etan; Beñat Intxauspe eta Inar Izetak girotuko dute, eta afaria borondatearen truke eskainiko dute.