Sanpelaioak 2018

Pepe Txabillok eta erraldoien konpartsak igoko dute bandera sanpelaioetan

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 15a, 13:32
Xabier Txurruka alkatea, danborradetan parte hartuko duten hainbat kide nahiz haur eta zenbait buruhandi. (Aritz Mutiozabal)

Horrez gain, San Pelaio Makila emango diete danborradako ordezkariek Txabillo erraldoien eta buruhandien taldeari, ekainaren 25eko gauean. Bestalde, Haurren 40. Agerraldia izango dela eta, Haur Kultur Taldeko kideak ere omenduko dituzte.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Xabier Txurruka alkateak San Pelaio jaien egitaraua, danborradetan parte hartuko duten hainbat kiderekin nahiz haurrekin eta zenbait buruhandirekin, eta nabarmen adierazi zuen herriko erraldoiek "protagonimo berezia" izango dutela aurten. Izan ere, Jose Mutiozabal Pepe Txabillok eta Txabillo erraldoien nahiz buruhandien taldeak emango diote hasiera aurtengo festei. Danborradako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote taldeari ekainaren 25eko gauerdia baino lehentxeago, eta, ondoren, bandera igoko dute udaletxeko balkoian, Pepe Txabillo omenduz.

Aurten, festen hasierako hiru suziriez aparte, ez dela bestelako suzirik edota trakarik botako adierazi zuen alkateak, zaratarekiko sentikorrak diren herritarrekin begirunez jokatuz. Hala eta guztiz ere, ekitaldia ikusgarria eta berezia izango dela azpimarratu zuen, sorpresaren bat ere izango dela aurreratuz. Gainerakoan, Zarauzko Musika Bandak girotuko du ekitaldian.

San Pelaio bezperan ez ezik, erraldoiak eta buruhandiak presente izango dira jaietako ia egun guztietan, baina batez ere hilaren 24an, Erraldoien eta Buruhandien Zarauzko III. Topaketa ospatuko dutelako. Bidasoakoek, Iruñeko Alde Zaharrekoek eta Zarauzkoek hartuko dute parte.

Hiru danborrada

Aurtengoan hiru danborrada izango dira: haurrena, elkarteena eta gazteena. Lehenbizikoa haurrena izango da, hilaren 25ean: alkateak makila emango dio eguerdian Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari, eta arratsaldean, XL. agerraldia egingo dute kalez kale, Azken Portutik, Iñurritzatik, Vista Alegretik eta Itxasmenditik aterata. 40. aldia izanik, egitasmoa antolatzen duen Haur Kultur Taldeari omenaldia egingo diote, Lege Enparantzan, parte hartzaile guztiak bertan jotzeko elkartu ondoren.

Helduen danborrada gauez izango da, eta hamabi elkartek hartuko dute parte: Arkaitz Mendi, Kayua, Carballeira, Arrano, Cachi Bachi, Udaberri, Francisco Zurbaran, Urpekoak, Ongi Etorri, Batzokia, Iñurritza eta Alkartasuna. Zigordia kaletik abiatuko dira, 23:00etan, eta Lege Zaharren enparantzan egingo dute geldialdia, San Pelaioei hasiera emateko ekitaldian.

Hirugarren danborrada gazteena da, aurten estreinakoz antolatu dutena. Hilaren 27an egingo dute, Haurren eta gazteen Egunean, eta 12:00etatik aurrera ariko dira danborrak astintzen herriko kaleetan zehar.

Iaz bezalaxe, udaleko Jaiak eta Ekitaldiak Sailak zapi urdinak aterako ditu jaietarako, eta doan banatuko ditu San Pelaio bezperan Lege Zaharren enparantzan eta herriko tabernetan.

Erlazionatuak