Senegalgo natura hizpide izango dute astearte honetan

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 18a, 10:47
Hegaztiak ikustera joan arren, beste hainbat esperientzia bizi izan dute han (Arkamurka)

Arkamurkak hitzaldia antolatu du, Senegal ardatz hartuta. Aitor Leizak eskainiko du, han izan baita, hegaztiak ikusteko irteera batean, "baina bestelako sorpresak izan ziren: hainbat ugaztun narrasti xomorro eta landare interesgarriak ikusiko dira hitzaldian", Arkamurkak jakinarazi duenez.

Senegalgo naturari buruzko hitzaldia 19:30ean izango da, Arkamurkaren egoitzan (Santa Marina, 2). Doakoa da, eta euskaraz, elkarteak jakinarazi duenez.

Honela laburbildu dute biharko hitzaldia: "Ikusiko dugun emanaldia 9 egunetan egindako bidaiaren emaitza da. Somoneko inguru batzuk ezagutuko ditugu, ondoren Saloum deltako manglarrak eta Sippo herria ikusiko ditugu. Azken puntu interesgarria Senegalgo Gambia ibaiaren arro bat da, baina azken eguneko gauean hegazkina hartu aurretik Madeleine uhartea eta Dakarren erdian dagoen hezegunea ikusiko ditugu".

"Hau dena hegaztiak ikusteko irteera batean, baina bestelako sorpresak izan ziren: hainbat ugaztun narrasti xomorro eta landare interesgarriak ikusiko ditugu", gaineratu dute.