Mathilde Van Eys idazlearen liburuxka kaleratuko dute

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 18a, 16:30
Idoia Etxebarria Sanz Enea udal liburutegiko arduraduna eta Nekane Iribar Kultura eta Hezkuntza zinegotzia. (Zarauzko Udala)

Holandako idazleak 1866-1868 urteetan Zarautzen egindako egonaldiari buruz idatzitako oroitzapenak jasoko dituzte liburuxkan eta Sanz Enea udal liburutegian izango da eskuragarri.

Mathilde Van Eys idazleak 1866 eta 1868 urteetan egindako Zarauzko egonaldiari buruzko oroitzapenak jasotzen dituen liburuxka kaleratuko dute Zarauzko Udalak eta Arte eta Historia museoak elkarlanean. Van Eysek bi denboraldi igaro zituen bere senar Willenekin batera Zarautzen, eta, urte horietan, Zarautzen izandako bizipenen inguruan idatzi zuen eguneroko batean. Idazki hauen lehen argitalpenak Souvenirs d'un voyage dans le Pays Basque en 1866 zuen izena eta 1927. urtean Rieveko aldizkari batean argitaratu zen. Bigarrena, Second voyage au Pays Basque en 1868 tituluarekin egin zen, Georges Lacomben eskutik, aldizkari berean.

Zarauzko Udalak Mathilderen egonaldiari buruzko orri hauek itzuli eta transkibatu ditu bere osotasunean. Hala, Mathilde Van Eysen liburuxka Sanz Enea udal liburutegian izango da eskuragarri. Nekane Iribar Kultura eta Hezkntza zinegotziak azaldu duenez, liburuxka hau euskara eta gaztelaniara itzuli eta argitaratzearen helburua "irakurzaletasuna sustatzea" eta hezkuntza arloan "haurrei Zarauzko historia kontatzea" da."Mathilderen kondaira egunerokotasunean oinarritzen da. Haurrei 1866 eta 1868 urteetan Zarautz nolakoa zen jakiteko balioko die".

Horrekin lotuta, Zarauzko historiari buruzko hainbat argitalpen kaleratzeko asmoa dutela aurreratu du zinegotziak: "Katalogo edo liburuxka formako argitalpenak egingo ditugu. Lehenengoa emakume batena izango da, berdintasunaren bidean, emakumeari ikusgarritasuna bermatzeko. Ekimen hau aurrera areratzeko garaian gizon eta emakumeen arteko berdintasunean arreta handia jarri dugu, sarritan, historiak ahanztura azpian ezkutatu dituelako zientzia, kultura eta bestelako esparruetan ekarpenak egin dituzten emakumeen lanak".