Uztailaren 4tik 7ra izango da 25. Kalerki Nazioarteko Kale Antzerki Topaketa

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 19a, 13:37
25. urteurreneko kartela (Kultura Saila)

Kartelak eta egitaraua prest ditu Kultura Sailak, baina ez du egitaraua kaleratu oraindik. Hori bai, urteurrenaren harira hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte. Batetik, antzezlana prestatzen ari dira hainbat herritarrekin, eta bestetik, akrobazia tailerra eskainiko diete 14 urtetik gorako gazteei.

Kalerki 2018 indartsu dator. 25. urteurrena du Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak, eta jada badu data: uztailaren 4tik 7ra egingo dute. Kartela eta egitaraua prest ditu Kultura Sailak, baina oraindik ez dute egitarauaren berri eman.

Topaketekin lotuta, ordea, zenbait ekitaldi berezi egiteko asmoa dute. Esaterako, antzezlan ekoizpen berria ari da lantzen udala. Amancay Gaztañaga zestoarraren zuzendaritzapean ari dira lantzen A Lurpean izeneko lana; Lewis Carroll-en Alizia herrialde miresgarrian lanean dago oinarrituta.

Antzezlanean sei aktore zarauztar ari dira parte hartzen, baita beste hainbat laguntzaile ere.

Akrobazia tailerra gazteentzat

Akrobazia tailerra ere antolatu dute 14 urtetik gorako gazteentzat. Tailerrean parte hartzeko izena eman behar da, eta 10 euro kostako da. Tokia mugatua dela jakinarazi dute.

Shakti Olaizola izango da irakaslea, eta saioak kiroldegian izango dira, uztailaren 5etik 7ra, 16:00etatik 18:00etara. Izena idatziz (kultura@zarautz.eus) nahiz telefonoz (943-00 51 20 edo 609-22 30 75) eman daiteke.

Entzierroa, uztailaren 7an

Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere entzierro berezia egingo dute zezen puzgarriekin herriko kaleetan zehar. Uztailaren 7an izango da, 18:00etan, udaletxetik abiatuta.

Jakinarazi dutenez, 90 minutu iraungo du entzierroak.