Ostiralean hasiko dira Zelai Ondoko jaiak, txupinazoarekin

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 21a, 13:37
Ostiralean 19:00etan botako dute suziria jaiei hasiera emateko (Aritz Mutiozabal)

Ekainaren 22tik 24ra hainbat ekitaldiz gozatuko dute Zelai Ondoko bizilagunek eta bertaratzen diren herritar guztiek. Bihar 19:00etan lehertuko da festa, eta urtero bezala, San Joan sua izango da momentu berezienetako bat.

San Joan egunaren bueltan Urola Kostako hainbat tokitan festak ospatuko dituzte; Zarautzen, esaterako,  Zelai Ondo auzoan. Suaren bueltan ibiliko dira, baina beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte ostiralean hasi eta igandera arte. 

Larunbateko San Joan suaren inguruan ohar bat helarazi du Zelai Ondoko festa batzordeak. Adierazi du, segurtasun arrazoiengatik herritarrei sutara ezer botatzen ez dietela utziko. Izan ere, ”erretako paperak suzko bola bilakatzen dira, eta ikusleengana hel daitezke”. Sutan erretzeko materiala batzordeak berak bilduko duela azaldu du.

San Joan sutako egitaraua

Herriko hainbat taldek hartuko dute parte aurten ere San Joan sutako festan. Ekainaren 23an, larunbata, 22:00etan hasiko da festa, eta egitarau zehatza honakoa izango dela jakinarazi dute taldeek: musika eta  malabareak egongo dira aurrena; sua piztuko dute gero; San Joan martxaren txanda etorriko da gero, txistulariekin, abesbatzekin eta dantzariekin; txalaparta; dantzariak Axuri beltza txistulariekin; ondoren, Bitoriano Gandiagaren poema abestua (San Juan sua); txalaparta; ikusleekin batera abestuko dute bi ahotsetara Sua amaitzean abestia; eta, berriro ere, txalaparta.

Zelai Ondoko festen egitaraua:

Ekainak 22, ostirala.    
– 19:00. Txupinazoa, Zulaika botikaren ondoko biribilgunean.
– 19:00. Gasolinazko autoak. Lasterketa-ikuskizuna, Zelai Ondoko pistan.
19:30- 22:30. Parrillada, bolatokian. Yon Figueroa abeslariak girotuko du.
– 23:00. Erromeria Gozo-Gozo taldearekin, Zelai Ondoko pistan.

Ekainak 23, larunbata.  
– 09:00. Goizeko Ihintza txistulariak Zelai Ondoko kaleetan zehar.
– 11:30-14:00. Haurrentzako puzgarriak Zelai Ondoko pistan. Eguraldi txarra bada, kiroldegian.
– 11:30.  Zelai Ondoko V. Tortilla Txapelketa eta marrazki txokoa. Bolatokiaren ondoan.
– 12:00. Tortillak aurkezteko epea amaituko da.
– 13:00. Tortilla lehiaketaren sari banaketa eta pintxo-potea.
– 15:30-17:30. Haurrentzako puzgarriak Zelai Ondoko pistan. Eguraldi txarra bada, kiroldegian.
– 17:00-20:00. Bolatokia eta toka zabalik egongo dira nahi dutenentzat.
17:30. Zelai-Ondoko V. Auzo Krosa, Zulaika botikaren ondoko biribilgunean. Lau maila bereiziko dituzte. Izen-ematea 17:00etan.
– Ondoren, Auzo Kroseko sari banaketa, eta jarraian, txokolate-jana (baita zeliakoentzat ere). Bolatoki ondoan.
– 19:00. Apar festa, Zelai Ondoko pistan.
– 19:30. Parrillada eta sardina-jana, bolatokian.
– 21:30. Elektrotxarangarekin kalejira egingo dute San Joan sua egingo duten tokira.
– 22:30. San Joan Sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian, Mitxelena kalean. Bertan emanaldia: Montetxio abesbatza, Jalgi dantza taldea, Alproja antzerki taldea, Goizeko Ihintza taldeko txistulariak, eta Zarauzko Txalaparta Eskolako irakasle eta ikasleekin.
– 23:30. Elektrotxarangarekin itzulera bolatokira.
– 00:00. Fan&Go taldearen kontzertua Zelai Ondoko pistan.

Ekainak 24, igandea.
– 09:00. Goizeko Ihintza txistulariak, Zelai Ondoko kaleetan zehar.
– 10:00. Zelai Ondoko V. Bola eta Toka Txapelketa, Andres Illarramendiren omenez.
– 11:00. Haurren txokoa, bolatokiaren ondoan.
– 11:30. Erakustaldia. Nor baino nor, Izeta harri-jasotzailearen eskolakoak eta ZKE-ko Halterofilia atalekoak.
– 14:00. Zelai Ondoko V. Auzo Bazkaria, Eutsourrei taldearen eskutik. Zelai Ondoko pistan. Eguraldi txarra bada, kiroldegian. Txartelak salgai: Iluntze, Trigal, Aritzbatalde eta Zelaitxon.