Sanpelaioak 2018

'Testing' zerbitzua izango da sanpelaioetan

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 21a, 16:15
Aitor Garcia Burcioren pegatinaren diseinua, 'Gaueko tronpak ez zaitzala mamutu' lemapean.

Drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskaintzeko karpa jarriko dute Munoa plazan, ekainaren 25ean eta 26an.

Joan den urtean bezeala, Ai-Laket elkarteak eta udaleko Prebentzio zerbitzuak karpa jarriko dute Munoa plazan, Testing programaren baitan jasotzen den drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskaintzeko. Droga ilegalen kontsumitzaileei zuzendutako zerbitzua da, eta Miren Letamendia zinegotziak zaldu duenez, aisialdi guneetan ematen den droga kontsumoaren gainean arriskuak gutxitzea du helburu probrama honek. "Orain arte, gazteen artean oso emaitza onak izan ditu". Txosnagunearen inguruan kokatuko den karpa honetan, analisi bitartez drogen konposizio zehatza jakiteko aukera izango da, doan, eta uneoro anonimotasuna mantenduko da. "Droga bakoitzak organismoan duen eraginaren berri emango da, besteak beste".

Era berean, ekainaren 26an, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatu, informatu eta arreta hartzeko kanpaina egingo du Sasoian elkarteak. "Mahai informatibo bat jarriko dugu malekoian gaueko 23:00etatik 02:30era eta interesa dutenak borondatez hurbildu daitezke. Horrez gain, 25eko gauean bezala, Testing analisi zerbitzua ere eskainiko da. Bi ekintzek Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioaren Zuzendaritzaren babesa dute.

Alkoholaren gaiarekiko sentsibiizazio kanpainaren barruan, festetan alkohol gehiegi edatearen kontrako pegatina lehiaketa ere egin du Zarauzko Udalak. Aitor Garcia Burcio izan zen irabazle, Gaueko tronpak ez zaitzala mamutu lemapean. Bigarren saria publikoak erabaki du, Facebook sare sozialean zabaldutako bozketa bidez, eta Lara Aranzabal Segurarentzat izan da postua; Alkoholetan ez ito, pare bat eta kito lemarekin diseinatutako pegatina aurkeztu zuen Aranzabalek.