Birziklapen tasa %40tik %71ra igo da sistema berria jarri denetik

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 21a, 16:45
Organikoaren eta errefuxaren edukiontziei pedalak jarriko dizkiete. (Zarauzko Udala)

Udaldirako edukiontzien garbiketa zerbitzu berria martxan jarri da eta Urola Kostako Udal Elkartetik hainbat ekintza burutzen ari dira hondakinen bilketa zerbitzua hobetzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak otsailean abian jarritako hondakinen bilketa zerbitzu berriak ezarpen fasea amaitu berri du. Hala, urtarriletik apirilaren bitartean Zarautzen jasotako behin betiko hondakinen bilketa datuak "oso positiboak" izan direla azpimarratu du Iban San Martin Zerbitzu zinegotziak eta herritarrak, merkatariak, ostalariak eta enpresariak zoriondu nahi izan ditu. "Bilketa zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta hilabete bera alderatuz gero (2017ko apirila eta 2018koa) ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 31 puntu igo da Zarautzen. Maiatzeko behin behineko datuetan ere %71ko tasa berresten da.

Era berean, zinegotziak gogorarazi du Udal Elkartea hainbat ekintza burutzen ari dela ekainean eta. uztailean zehar hondakinak biltzeko zerbitzuetan. Bilketa maiztasuna hemendik aurrera handitu egingo dela azaldu du, eta organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontzietan pedalak jartzen hasiko direla, irekiera errazteko.

Bisitariei zuzendutako kanpaina

Udaldian sortutako hondakin kopurua "nabarmen" handitzen denez, eskuorri bat argitaratu du bisitarientzako Udal Elkarteak. Batez ere, hondakinak bereizteko aholkuak bilduko ditu eskuorriak, beti ere turistei zuzenduta. Turismo bulegoetan, kanpin, hotel, landetxe eta apartamentu turistikoetan egongo da eskuragarri.