Zarautzera, bizikleta gosez

Aitziber Arzallus / Gipuzkoako Hitza 2018ko eka. 22a, 10:30
Kyle Gill txirrindularia (Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartea).

Txirrindulari izateko ametsari jarraika etorri da Kyle Gill Karibetik Zarautzera. Bi hilabeteko egonaldia egin du Euskal Herrian eta Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkartearekin lehiatuko da.

Bizikleta goseak ekarri du Kyle Gill txirrindulari gaztea Karibetik Zarautzera. Ekainaren 9an iritsi zen bi hilabeteko egonaldia egitera, eta abuztuan itzuliko da etxera. Bien bitartean, ahalik eta gehien ikastea du helburu: bertatik bertara ezagutu nahi du Europako txirrindularitza, eta kirol horretan ibilbide emankorra egin ahal izateko bidea zein den ikusi. Inguruan talde paregabea du horretarako: Kristian Sorreluz txirrindulari ohiaren etxean, Getarian igaroko ditu bi hilabeteak, eta, entrenatzeko, Sorreluzen beraren laguntza ez ezik, puntako prestatzaile fisiko batena ere izango du. Hamabost egunotan bi lasterketatan lehiatu da, Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko maillotarekin: lehendabizikoa, iritsi eta egun gutxira, Zumaian; eta bigarrena, iragan asteburuan, Eibarren. Gustura dago orain arteko emaitzekin, egunez egun hobetzen ari delako, batez ere.

Gillek “bizitzako kasualitateei” zor die Euskal Herrira etortzeko sortu zaion aukera. Sorreluzen lagun bat surflariak prestatzen aritzen da mundu guztian barrena, eta Gillen aita ezagutu zuen Barbados uhartean zela. Hark eman zion semearen berri, eta berehala erreakzionatu zuen. “Nire laguna ere txirrindularia izandakoa da, hortik ezagutzen dugu elkar, eta Kyle denboraldi bat egitera etortzeko aukera egon zitekeela pentsatu zuen. Nirekin harremanetan jarri ziren, ideia polita iruditu zitzaidan, familian aukera aztertu genuen, eta baiezkoa eman genien”, dio Sorreluzek. Halaxe, duela hamabost egun etorri ziren Kyle eta haren aita Euskal Herrira. “Aitak hamar egun egin ditu hemen, semea ondo egokituko zela ziurtatu nahi baitzuen. Astearen hasieran bueltatu zen Karibera”.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza