Talaimendiko marmiten pintaketa salatu du Gipuzkoako EHNEk

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 23a, 09:00

Talaimendiko belardiak errespetatzeko kanpaina abiarazi zuen udalak maiatzaren azkenean: belardien garrantzia azpimarratzeko eta herritarrak kontzientziatzeko, marmitak jarri zituen zenbait gunetan, eta oharrak erantsi zizkien hainbat hizkuntzatan. Hilabete ere ez da pasatu marmitak jarri zirenetik, eta norbaitek spray txuri batekin urratu ditu. Gipuzkoako EHNEk pintaketa salatu du, ondorengo argazkiak helaraziz HITZAri.

"Marmiten helburua larreek baserritarren abereentzako duten garrantziaz oharrarazteko ziren, eta denok errespetuz ibiltzeko aldarria. Zertara dator horrelako erasoa? Zer egin behar da denon ardura dela errespetuz ibiltzea ohartzeko? Abereek behar duten elikagaia dela konturatzeko? Nola ulertu behar dugu elkar? Udaleko brigadak garbitu ditu marmitak. Ea ez den berriro ere gertatzen horrelakorik", adierazi dute elkartetik, ekintza gaitzetsiz.