EH Bildu: "Herria zatitzen duen trenbidea betikotzen duten inbertsioak egin nahi ditu Gobernuak"

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 22a, 17:19

Zarautzen etorkizuneko apustuak trenbide azpiegiturarekin lotuta egon behar duela adierazi du koalizioak, eta horretarako udalak 2009an sinatutako hitzarmena kontuan hartzea "beharrezkotzat" jo du.

Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta ETS Euskal Trenbide Sarearekin tren geltokia berritzeko proiektuaren hitzarmena adostu du duela gutxi, eta albiste honek "zalantza handiak" sortzen dizkiola adierazi du EH Bilduk. Izan ere, Zarauztik igarotzen den trenbidearen inguruko azterketa informatiboa egiteko hitzarmena sinatu zuen udalak ETSrekin 2009an; azterketaren kostua 2 milioi eurokoa zen, eta udalak kopuruaren laurden bat ordaintzea adostu zuten. Hitzarmenaren helburua zen trena lurperatzeko proiektua aurrera eramatea, baina bederatzi urte igarota, oraindik azterketaren emaitzez daturik ez izatea salatu du koalizioak. Era berean, agintaldi honetan azterketa "guztiz abandonatu" dutela gaineratu du.

Azterketa horren behin betiko emaitzak ezagutu gabe, "harrigarria" deritzo EH Bilduk "gure herria bitan zatitzen duten egungo trenbidea betikotzen duten epe motzeko inbertsioak egin nahi izatea". Horrekin batera, "herriaren fluxuak larriki baldintzatzen ditu eta, besteak beste, oztopatu egingo du trenbidearen desdoblamendua, trenen maiztasunak hobetzeko hain beharrezkoa dena".

Koalizioak argi du etorkizuneko apustuak "trenbide azpiegituraren aldaketarekin lotuta" egon behar duela, eta horretarako "beharrezkoa" dela EAJk eta PSE-EEk duela bederatzi urte sinatutako hitzarmena betetzea. Proiektua guztiz "egingarria" dela adierazi dute, eta eredutzat Durangoko tren geltokia erabili dute. "Irmotasuna eta borondate politikoa behar dira". Gainerako guztiak "arazoa denbora luzean kronifikatuko duten adabakiak" direla ere azaldu du koalizioak.