Sanpelaioak 2018

Haurren XL. Agerraldiko ordezkariak prest

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 25a, 13:12
Haurren XL. Agerraldiko ordezkariak eta Xabier Txurruka alkatea. (Aritz Mutiozabal)

Udaletxeko batzar aretoan elkartu dira eguerdian Haurren XL. Agerraldiko ordezkariak, eta, ohi bezala, Xabier Txurruka alkateak harrera egin die. Era berean, aurtengo agerraldiko Danbor Nagusi Mikel Ostolazari alkate makila eman dio. Ondoren, txupinazoa bota dute jaiei hasiera ematekoa, eta gozokiak ere bota dituzte udaletxeko balkoietatik. Txarangarekin eta buruhandi nahiz erraldoiekin kalejira egin dute, baita Santa Marinari lore eskaintza ere.

Haurren Agerraldia 18:30an hasiko da, eta 20:00etan Lege Zaharren enparantzan elkartuko dira talde guztiak, elkarrekin danborrak astintzeko. Aurten, 40. urtemuga denez, Haur Kultur Taldeko kideei omenaldia egingo die udalak. Agerraldiko ordezkariei dagokienez, horiz eta Vista Alegretik aterako dira Mikel Ostolaza (Danbor Nagusia) eta Lide Etxeberria; berdez eta Azken Portutik, Aiora Sanchez eta Nahia Aramendi; gorriz, eta Itxasmenditik Anuk Egaña eta Izaro Urdanpilleta; eta urdinez eta Iñurritzatik, Ane Corta eta Saioa Prieto.