Sanpelaioak 2018

Pepe Txabillo da bosgarren erraldoia

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 26a, 08:00

Gauerdian atera dute herritarren aurrera lehenengo aldiz Pepe Mutiozabal Txabilloren omenez egindako erraldoia, eta oso pozik agertu da bera bai erraldoiarekin, bai omenaldiarekin. Gainera, haren biloba Oier Mutiozabalek eraman du erraldoia.

"Hainbat herritan egiten dituzte herritarren buruhandiak, eta Zarautzen ere pentsatu genuen merezi zuela norbaitek, eta hori Pepe zela", azaldu zien atzo medioei Xabier Txurruka alkateak. Irungo Garate Estudiokoek egin dute erraldoia, "eta sanpelaioetarako iritsi da, guk nahi genuen moduan".

"Oso gustura nago eta herria ere bai; oso umemaitea naiz ni", esan zuen protagonistak, irrifarra ezin ezkutatuta. "Denek ondo pasatzea nahi dut", gaineratu zuen Pepe Txabillok.

Atzo erraldoiaren barruan bere familiako bat ibili zen, gainera: Oier biloba. "Horixe nahi nuen, familiakoren batek hartzea", jakinarazi zuen Txabillok, pozik.