Iheslari eta deportatu politikoen aldeko ekimena antolatu dute uztailaren 7rako Orion

Karkara.eus 2018ko eka. 26a, 13:45
Astelehenean egin zuten agerraldia iheslari ohiek, Orion (Karkara.eus)

Urola Kostako hainbat iheslari ohik astelehen arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa; horien artean, zarauztarrak ere izan ziren.

Bada garaia. Iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria lelopean, ekimena egingo dute Orion, uztailaren 7an. Urola Kostako hainbat iheslari ohiek eta herritarrek astelehen arratsaldean aurkeztu zuten ekimena, eta bertaratzeko deia egin zieten herritarrei. Ekimenak aldarrikapena eta udako jai giroa uztartu nahi ditu, eta besteak beste Oria ibaian barrena ontzi ijaitsiera egingo dute, iheslarien eta deportatuen itzulera irudikatzeko.

Aurkezpenean, Aizpea Ubegun oriotarrak nabarmendu zuen iheslari, deportatu eta presorik gabeko Euskal Herria lortzea “premiazkoa” dela. “Gatazka politikoa gainditzeko garaian gaudela uste dugu. Aieteko konferentzia eta gero ETAk borroka armatua utzi ondoren benetan gauzak konponduko zirela pentsatu genuen, baina zoritxarrez denbora pasa da eta ez dugu halakorik ikusi”esan zuen.

Era berean, iheslarien eta deportatuen bizi-baldintza zailak ekarri zituzten gogora agerraldian: “Ez daude kartzelan bainan ihesa eta deportazioa bizitzea kondena latza da. Itsasora ateratzen garenok agur eta ongietorrirako toki gisa ikusten dugu portua. Nahiz eta agurtzeko aukerarik ez izan, iheslari eta deportatuei ongi etorria emateko irrikitan gaude. Hori nahi dugulako: iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria”, adierazi zuen Ubegunek.

2.500 euskal herritar baino gehiago erbestean

Bestalde, Jose Domingo Aizpurua iheslari ohiak iheslari eta deportatuen errealitatea ez dela gehiegi ezagutzen azpimarratu zuen. “Jende askorentzat errepresioari ihes egitea lortu dutenak dira. Eta ez da hori. Exilioa eta deportazioa kondena latzak dira. Bukaerarako data ez duten kondenak”. Aizpuruaren esanetan 1960ko hamarkadatik hona 2.500 euskal herritar baino gehiagok jo behar izan dute erbestera. “Eta erbestean ere errepresioa izan da beti beraien bizitzak markatu duena”, esan zuen.

Nabarmendu zuten aipatutako epe horretan, 271 estradizio egin direla, 382 entrega eta 74 deportazio. “Guztira, 84 lagun hil dira ihesean edo deportazioan, eta horietatik 27 gerra zikinak eragin ditu. Errepresioa izan zen ihes egiteko arrazoia, errepresioa izan da ihesean jasan dutena. Eta errepresioa da askotan ihesa bukatzeko modua”, Aizpuruaren esanetan.

Hausnarketa

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak Miarritzeko Adierazpena kaleratu zuen 2013an, eta erabaki zuen ahal izanez gero iheslariek eta deportatuek Euskal Herrira bueltatu behar zutela, “iheslarientzako askatasun espazioak irabazteko eta askatasun espazio horiek erabiliz iheslari eta deportatu guztiak etxera ekartzeko”. Ordutik 150 iheslaritik gora bueltatu dira, eta Aizpuruak azaldu zuen “bide horretan sakondu” nahi dutela.

Horretarako hainbat urrats proposatu dituzte:
• Auzitegi Nazionalak iheslari eta deportatuen gaur egungo egoera juridikoaren
inguruko informazioa beraien abokatuei ez ukatzea.
• Torturarekin kutsatuta dauden sumarioak bertan behera uztea.
• Preskripzioaren kontaketa mendeku eta errepresioaren irizpideekin egiteari uztea eta era ordinario batean gauzatzea.
• Inongo oinarri juridiko eta legalik ez duen deportazioarekin amaitzea.
• Etxera ekartzea iheslarien eta deportatuen adinak eta osasun egoerak hala
eskatzen duenean.

Uztailaren 7ko egitaraua
• 11:00etan Jaitsierako parte-hartzaileak arraun elkartean
• 12:00etan Oria ibaiaren jaitsiera
• 13:00etan Iheslari eta deportatu ohiei harrera portu ondoko zubian
• 13:30etan ekitaldi politikoa Plazan
• 12:00etan parrillada Plazan