Ostegunean hasiko dira Alde Zaharreko oinezkotzeko lanen bigarren fasearekin

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 27a, 11:51
Zigordia kalea oinezkotzeko lanak egiten aritu dira asteotan. (Zarauzko Udala)

Zigordia eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean egingo dituzte lanak.

Alde Zaharra oinezkotzeko obren bigarren fasearekin hasiko dira ostegunean (ekainak 28). Hiru astez, Zigordia eta San Frantzisko kaleen arteko eremua –Laboral Kutxaren parean– oinezkoentzat egokitzeko lanak egingo ditu Altuna y Uria S.A. enpresak. Ondorioz, Herrikobarra kalera (Iturribidetik) eta Zigordia kalera (Salegitik) sarrera debekatuta egongo da ibilgailuentzat. Era berean, Geltokiko garajeetako jabeek Herrikobarra kaletik egin beharko dituzte sarrera-irteerak, semaforo bidez erregulatuta.

Epe horretan, San Frantzisko eta Herrikobarra kaleen arteko bidegurutzean debekatu egingo dituzte zamalanak, eta Iturribide kaleko zamalanen eremuan egin beharko dira. Era berean, Merkatu plazako baserritarrek eta Alde Zaharreko ostalariei generoa ekartzen dieten ibilgailu guztiek Lege Zaharren enparantzan egin beharko dituzte zamalanak, 08:00etatik 11:00etara eta 12:30etik 14:30era. Udalak barkamenak eskatu ditu obrak eragin ditzaketen eragozpenen aurrean, eta aldez aurretik eskerrak eman die herritarrei beraien pazientziagatik.

Alde Zaharreko oinezkotze lanak fase ezberdinetan egingo direla gogora ekarri du Iban San Martin Obra zinegotziak, eta exekuzio epea 22 astekoa izango dela: "Azken bost asteetan Zigordia kalea oinezkotzeko lanak burutu dira, zehazki, Gizarte Zerbitzuen eraikinaren eta Udaberri Jubilatuen Elkartearen aurrean dagoen eremuan. Orain, bigarren fase honetan, enpresa eraikitzaileak Zigordia eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean egingo ditu lanak".