Asteburu honetan hasiko da Txaparrotan, haurren partidekin

Zarauzko Hitza 2018ko eka. 28a, 09:00
Iazko haurren Txaparrotan hondarzako eskubaloi lehia. (Hitza)

Haurretan 118 taldek eman dute izena, eta helduetan 112 taldek; helduek uztailaren 7-8an jokatuko dute txapelketa.

Urtero bezala, Desertu Txikian dozenaka eskubaloi partida jokatuko dituzte bi asteburutan. Haurrak izango dira jokatzen aurrenak Txaparrotan hondartzako eskubaloi lehian, larunbat eta igande honetan. Helduen txanda, berriz, uztailaren lehen asteburuan izango da.

Sei joko eremutan banatu, 118 talde ariko dira nor baino nor: 14 benjamin nesketan, 17 benjamin mutiletan, 24 kimu nesketan, 20 kimu mutiletan, 22 infantil nesketan eta 21 infantil mutiletan, hain zuzen ere. Larunbatean, 09:30ean hasiko dira partidak jokatzen, eta batzuek bukatu ahala, besteak hasiko dira lehian; eguneko azken partidak 20:00etan jokatuko dituzte. Igandean ere 09:30ean hasiko dira, eta finalak 18:00tik aurrera jokatuko dituzte.

Helduen txapelketa astebete geroago egingo dute, uztailaren 7an eta 8an. Guztira, 112 taldek eman dute izena: 32 emakumezkoak eta 80 gizonezkoak. Hauek ere sei joko eremutan jokatuko dute, eta finalak igande arratsaldean jokatuko dituzte: emakumezkoek 18:30ean, eta gizonezkoek 19:00ean.


Mozorrotuta ere bai

Eskubaloi txapelketaren 15. urteurrena da aurten, eta horregatik Txaparrotan ekimeneko antolatzaileek mozorrotuta jokatzera animatu dituzte parte hartzaileak. Mozorro onena duen taldearentzat saria egongo dela jakinarazi dute. Bestalde, ohi bezala, hainbat sari banatuko dituzte, eta postutxo bat ere jarriko dute jatekoarekin eta edatekoarekin.