Sinatu dute hitzarmena Errotaberri industrialdeko lotura berria egiteko

Onintza Lete Arrieta 2018ko eka. 29a, 12:29
Oiarbide eta Txurruka, hitzarmenaren berri ematen Zarauzko udaletxean (Onintza Lete Arrieta)

Udalak udazkenean adjudikatu nahi ditu lanak, eta 16 hilabeteko epean egingo dituzte. Helburua da Errotaberrira eta Abendañora doazen ibilgailuek Frantsesbidea erabiltzea; izan ere, "horrek Azken Portuko auzotarren bizi kalitatea hobetuko luke", Aintzane Oiarbide diputatuak Xabier Txurruka alkateak azpimarratu dutenez.

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak, aldundiak finantzatu dezan Errotaberri industrialdearen lotura berria. Hitzarmenari esker, aldundiak Errotaberriko urbanizazio lanen %65a finantzatuko du; hau da, 1.243.026,59 euro jarriko ditu (guztira 1.892.371,97 euroko aurrekontua du).

Aldundiak lanen bosgarren fasea finantzatuko du, eta hala, sarbidea eraikiko dute Frantzeskua zubitik Errotaberri industrialdera. 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua eta Xabier Txurruka alkatea elkartu dira udaletxean hitzarmen hori sinatzeko.

Errotaberriko lanak, martxan

Gaur egun martxan dira industrialde berriko lanak, eta aldundiak lanen bosgarren fasea finantzatuko du. Txurrukak adierazi du udazkenean adjudikatu nahi dituela udalak lan horiek, eta ondoren, 16 hilabeteko epean egingo dituztela. "Oraingo lanak abuztu-irailean amaituko dituzte, eta gure nahia da bosgarren fasearekin hastea jarraian, geldiunerik egon gabe", esan du.

Frantsesbideko obrek Errotaberri eta Aritzbataldeko herrigunea lotuko dituztela azaldu dute prentsaurrean. Horretarako, autobidearen gainean dagoen pasabidea erabiliko da. "Horrez gain, Frantseskoako kutxa berrituko da, Aitza auzoarekin lotura egingo da, eta T itxurako bidegurutzea egingo da Arizia biribilgunea kendu ondoren".

Oiarbidek azpimarratu du lotura berriak zarauztarren bizi kalitatea hobetuko duela: "Errotaberrira doazen ibilgailuen herriguneko ibilbidea 800 metrotan murriztea lortuko da. Ibilgailu horietako asko, ibilgailu astunak dira. Beraz, erdiguneko zirkulazioa arinduko du eta Azken Portuko eta Zarauzko bizilagunen bizi kalitatean eragin positiboa edukiko du".

Enpresekin harremanetan

Bestetik, udala negoziatzen ari da Errotaberrira etorri nahi duten enpresekin, eta "negoziaketetan aurrerapausoak" egon direla jakinarazi du Txurrukak. "Datozen hilabeteetan informazio zehatza emateko moduan izango gara", aurreratu du.