Udako programazioa aurkeztu dute

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 1a, 10:17
Gatibu bizkaitarrek abuztuaren 17an emango dute kontzertua malekoian (Argazkia: Gatibu)

Iazko aurrekontua %3a igo du Zarauzko Udalak, eta aurten abuztuko jaiek egun bat gutxiago izango dute. Ondorioz, apustu indartsuak egin ahal izan dituzte. Esaterako, Rosendoren doako kontzertua egongo da abuztuan. Berrikuntza nagusia, berriz, asteazkenero herri kirol saioa egongo dela udaletxe aurrean.

Xabier Txurruka alkateak eta Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak ostiralean aurkeztu zieten hedabideei uda honetako programazioa. Iazkoarekin konparatuta, berrikuntza nagusia da asteazkenero herri kirol saioak egongo direla udaletxe aurrean.

"Bisitariek euskaldunon ohiturak eta kultura ezagutu nahi dituzte", eta horretan hutsunea zegoela ikusita, erabaki dute aurten berrikuntza hori txertatzea. Horretarako, Izetaren eskolarekin egin du akordioa udalak. Asteazkenero 19:30ean egingo dute herri kirol erakusketa.

Musika talde ezagunak

Txurrukak egitarau osoa kontatu zuen prentsaurrean, ekitaldiak banan-banan aipatuz. Gehienak urterokoak dira, baina kontzertuetan jar daiteke azpimarra. Alkateak berak ere nabarmendu zituen: Go!azen (abuztuak 16), Gatibu (abuztuak 17), Rosendo (abuztuak 18), Kalakan (abuztuak 19) eta Queen taldeari omenaldia (abuztuak 19).

Kontzertu guztiak malekoian izango dira, eta doan. Guztiak aipatu eta nabarmendu zituen Txurrukak, Rosendo bereziki. Izan ere, "Gipuzkoan emango duen kontzertu bakarra izango da Zarauzkoa, eta gainera, aurten erretiratuko da oholtzetatik".

Aurrekontuan %3ko igoera

Galdetu arren, Txurrukak eta Larrañagak ez zuten esan udako programa hau osatzeak zenbateko aurrekontua duen. "Udako programa ez da soilik udalak antolatutako ekintzena; bertan herriko eragileen ekitaldiak ere badatoz, eta sail askotako ekimenak jasotzen ditugu", arrazoitu zuten.

Hori bai, Txurrukak jakinarazi zuen iazko aurrekontuarekin alderatuta %3a igo dutela aurten. Bestalde, aurten Ama Birjinaren jaiek egun bat gutxiago izango dute egutegi kontuengatik, "eta horrek aukera eman digu diru kopuru berarekin honelako programazio erakargarria osatzekoa".

Herriko eragileen lana goraipatu zuen alkateak, eta gogorarazi zuen haien ekarpena nahitaezkoa izan dela programa osatu ahal izateko.