Alkateak Astiko kantinaren proiektuaren gaia atera zuen bilkuraren amaieran, eskari eta galderen tartean, eta koalizioak salatu du "jarrera desegokia" erabili zuela: "Irabaziko neskak deitzeaz gain, Cuore aldizkariko udako posado bat bezain klasikoa bihurtu den argazkia Astira ateratzera joan aurretik, kontua nola zegoen azalduko ziela esan zien gure zinegotziei".
Hori horrela, esandakoa atzera botatzeko eta zuzenketa egiteko eskatu dio Irabazi Zarautzek alkateari, eta, era berean, "matxismo harro" horren lekuko izan zen Parekidetasun zinegotziari esku-hartzeko.
Irabazi Zarautzen arabera, honakoa ez da beraien zinegotziek alkatearengandik "komentario sexistak" jasotzen dituzten lehen aldia, eta "iruditzen zaigu ez dela azkena izango, barrutik ateratzen zaiolako", gaineratu dute. "Izango da alkate karguak eta gizon izateak gehiago dela sentiaraziko dutela, gure ordezkariak errespeturik gabe eta laineza handiz tratatuz. Hori ez du egiten zinegotzi jaunekin".
Alkateak errespetu instituzionala merezi duela nabarmendu du koalizioak, Zarauzko herritarren gorengo ordezkaria delako, baina Udalbatzako gainerako zinegotziak ere herritarren ordezkariak direla, eta "ez inoren neskak". Jarrera "matxista" izateaz aparte, "gure koalizioari botoa eman zioten zarauztarrekiko errespetu falta" dela adierazi dute.