Ramon Serras: «Politena izan da guztiak ados jartzea»

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 5a, 08:00
Ramon Serras goizero joaten da Photomuseumera, bisita egitera baino gehiago, laguntzera. (Onintza Lete Arrieta)

Ramon Serrasek hamarkada asko darama herria aberasten argazkilaritza ardatz hartuta, eta Kultur Merezimenduaren Domina jasoko du Zarauzko Udalaren eskutik. Aho batez hartu du erabakia Udalbatzak, eta horrek hunkitu du gehien.

Goizero bezala, Photomuseumean izan da Ramon Serras. Asteartea da, eta oraingoan kazetariari egin dio harrera. Beste batzuetan, bisitariekin egoten da. Edo paper artean. Ez alferrik, berak sortu zuen argazki eta zinema museoa, eta bera da lehendakariordea.

Photomuseumetik, anbulatoriora. 75 urte betetzear, ajeak ditu han-hemenka, eta noizean behin errebisioa pasatu behar. Begiradan eta memorian ez du arazorik, ordea; bizi-bizi ditu biak. Hasiberrien ilusio berarekin jarraitzen du argazkiak ateratzen, eta inon irakurri beharrik gabe zerrendatzen ditu jasotako sariak, argitaratutako lanak, eta urte mordoa atzera egindako erreportaje eta bidaien xehetasunak.

Kultur Merezimenduaren Domina emango dio Zarauzko Udalak, eta aitortza hori da elkarrizketaren aitzakia nahiz abiapuntua. «Ilusio handia egin dit udalaren erabakiak. Alderdi guztiak ados jarri dira, eta hori da politena». Isiltasun unea, eta hunkidura. «Handia da hori», esan du. Zuzen-zuzen begiratzen dio kazetariari, jakiteko hark ulertu duen esan nahi duena.

Gaur zortzi hartu zuen erabakia Udalbatzak aho batez, baina Serrasi lehenago esan zioten, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katearen egunean. «Malekoira joan nintzen, katean parte hartzera eta argazki batzuk egitera, eta han eman zidan berria Xabier Txurruka alkateak». Ez daki noiz jasoko duen aitortza, baina berak nahiko luke San Inazio egunez (uztailak 31) izatea. 75 urte beteko ditu egun horretan, eta ilusioa egingo liokeela aitortu du. «Ramon Ignacio dut izena: Ramon, aitonarengatik jarri zidaten, eta Ignacio, egun horretan jaio nintzelako».


Argazkientzat euskarriak

Serrasek argazkigintzan lan asko eta eremu askotan egin ditu. Energia askorekin kontatzen ditu guztiak: hasi nazioartean saritutako lanetatik, eta herriko egunerokoa jasota gelditzeko egiten dituen argazkietara arte. Azken horietako bat da, esaterako, Zarauzko hondartzan irakurtzen ari direnen inguruko erreportajea. Aspaldi hasi zuen, eta oraindik ere, norbait ikusten badu irakurtzen, «ezin tentazioari eutsi», eta historiarako jasota uzten du.

Bertakoek ala kanpotarrek, nork irakurtzen du hondartzan? «Denetarik ikusten da. Emakumezkoak gehiago, gizonezkoak baino. Goizetan, egunkariak batez ere, eta arratsalde aldera, liburuak». Artea, soziologia, ohiturak... Serrasek oro bildu nahi du bere ordenagailuko artxiboan. Horretarako, kamera bezain lagun ona du alboan: Celina Gorostizagoiza. Emaztearekin partekatzen du afizioa, eta taldean egiten dute lan sarri. Sanpelaioetako gauerdiko danborradan ere, biak ibili omen ziren argazkiak atera eta atera.

Milaka eta milaka argazki atera eta gordeak ditu Serrasek. Zarauzko argazki zahar mordoa erosiak ere bai, bere poltsikotik «eta emaztearen oniritziarekin». Dokumentazio lan handia egina du. Baina argazkigintzari egin dion ekarpena hori baino zabalagoa da, euskarriak ere eman baitizkio. Zarauzko Argazkizale Elkartearen sortzaileetako bat izan zen aurrena, eta Photomuseum argazki eta zinema museoarena, gero. «Espainiako argazki museo bakarra da, eta guretzat garrantzitsua da hori Euskal Herrian egotea eta Zarautzen egotea».

25 urte bete ditu museoak, eta bere proiektuaz harro dago, baina aitortzen du «uste baino bisitari gutxiago» dituela museoak. Argazkizaleei ere kosta egiten zaie bertaratzea, antza: «Astelehen arratsaldean museoa zaintzen egon nintzen, eta etorri zen donostiar bat museoa ikustera. Donostiako argazkizale elkarteko bazkidea dela esan zidan, eta 25 urte zeramatzala Photomuseuma ikustera etorri nahian. Baina, orain arte etorri ez. Eta zoriondu egin ninduen, hemen dugun bildumagatik. Izugarria iruditu zitzaiola esan zidan».

Izan ere, altxor ugari dago museoan. Horregatik, argazkizaleentzat ez ezik, historialarientzat ere toki gomendagarria da, baita kuriositatea duen edonorentzat ere. Are gehiago, museoaren gidari Serras bera izan daitekeela kontuan hartuta. Bere pasioa ingurukoei kutsatzen dien horietakoa baita.  


Krokodiloaren istorioa

Argazkigintzarekin lotu behar da derrigorrean Serras. Baina, askok, aitortza zabalagoa egiten diote, eta herrigintzarekin lotzen dute. Zarauzko Udalak ere hala adierazi zuen Serrasi buruz egindako idatzian.
Herriko kaleetan aurrera eta atzera daramatza urteak eta urteak, herriko gertakariak kamerarekin jasotzen, eta badu bere toki kutuna ere: hondartza. «Han aurkitzen dut nahikoa elementu erreportajeak egiteko».

Batetik bestera ibili aurretik, baina, urteak igaro zituen herriko toki zehatz batean lanean: Kale Nagusiko Serras familiako gozotegian. Gabonetan zarauztar asko egoten zen zain hango erakusleihoan noiz jarriko mazapanez egindako krokodrilo erraldoia. «Behin saldu genuen dena osorik: Basarriren anaiak erosi zion amari, erakusteko Venezuelan dirua egin zuela», kontatu du, alai.  

La Salle eskola izatetik, proiektu kutunena izatera

«Bi bikoteren artean fundatu genuen Photomuseuma». Serras eta Celina Gorostizagoizarekin batera, Leopoldo Zugaza eta Carmen Miranda ibili ziren kolekzioak biltzen eta museoa sortzen. Zugaza da, gainera, museoko lehendakaria.

San Inazio kalean dago Photomuseuma, eta 1993an ireki zituen ateak. Ordea, eraikin horrekin harreman luzeagoa du Serrasek. Izan ere, hantxe egin zituen ikasketak umezaroan. «La Salle eskola egon zen hemen, eta eraikin honetan ikasitakoa naiz ni. Urte batean, gogoan dut alkatearen [Xabier Txurruka] aita eta biok gela berean ibili ginela».