Eskualdeko eskaintza gastronomikoa ezagutzeko helburuarekin, Kosta Gastronomika ekimenak hainbat jarduera antolatu ohi ditu udan zehar. Udaldi honetako ekintza nabarmenenak Txakolinaren txinparta familian eta Lagun artean izango dira.
Txakolinaren txinparta familian Talai Berri txakolindegiak uda garaian familientzat antolatutako bisita gidatua da. Bertaratzen direnek, upeltegia eta mahastiak ikusteko eta txakolindegiko eguneroko jarduna ezagutzeko aukera izango dute. Horrez gain, bertako txakolina eta muztioa dastatzeko aukera izango da. Bisita gidatua uztaileko eta abuztuko ostegunetan eskainiko da, 11:00etan. 15 euroko prezioa izango du 17 urtez gorakoentzat, 6 eurokoa 9-17 urte bitartekoentzat eta doan izango da 9 urtez azpikoentzat. Bisiten erreserbak ondoko telefono zenbakian egin daitezke: 943-13 27 50.
Lagun artean esperientzia gastronomikoak, aldiz, koadrila baten laguntzaz tabernaz taberna pintxoak janez joateko aukera eskaintzen du. Ixidor Larrañaga turismo zinegotziak azaldu duenez, esperientziaren helburua bisitariei koadrila zer den azaltzea da. "Asmoa koadrilak euskaldunon harremantzeko moduan nola eragin duen azaltzea da, eta horien dinamiken inguruan euskaldunoi identitate propioa ematen diguten bestelako jarduerak nola sortu izan diren ulertaraztea". Hiru taberna bisitatzeaz gain, elkarte gastronomiko bat ere bisitatuko dute. Jarduera hau uztailaren 7an eta 21ean eta abuztuaren 4ean eta 17an egingo da, 20:00etatik 21:30era. Prezioa 15 eurokoa izango da, eta interesa duen orok, Zarauzko Turismo Bulegoan egin dezake erreserba, 943-83 90 90 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zarautz.eus helbidera idatzita.