Gari Uranga: «Aurreikuspenak bete dira, eta maila polita ematen ari gara KAE 1 ligan»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2018ko uzt. 10a, 10:31
Gari Uranga, ZAEko entrenatzailea (Aritz Mutiozabal)

Enbata traineruaren entrenatzaile Gari Uranga gustura dago taldea egiten ari den denboraldi hasierarekin. Zarautz seigarrena izan zen larunbatean, Zumaiako estropadan; bigarren txandan lehiatu zen, eta bigarren bukatu zuen. KAE 1 ligako silkapenean seigarren postuan daude, 30 punturekin.

Seigarren postuan sailkatu zarete asteburuko estropadan. Zer sentipenekin bukatu zenuten jardunaldia?
Sentipen onarekin amaitu genuen, estropada nahiko osatua egin baikenuen. Gero, ohorezko txandako denborak ezagutu genituenean, gure sentipenak baieztatu egin ziren. Pedreñak bi segundo eta erdi atera zizkigun gure txandan, eta Lekittarrarengandik 13 segundora geratu ginen. Oro har, oso gustura gaude estropadan zehar egin genuen lanarekin.

Seigarren postuan kokatuta zaudete sailkapen nagusian. Denboraldi hasierako aurreikuspenak betetzen ari al dira?
Egia esan, denboraldi hasieran markatu genituen helburuak betetzen ari gara. Neguko estropadetan aurkarien maila zein zen ikusi genuen, eta gu zein postutan egon gintezkeen aztertu genuen horren arabera. Bagenekien sailkapenaren buruan dauden taldeak gure aurretik ibiliko zirela, baina estropadaren batean edo bestean aurreko postuetan aritzea zen gure asmoa, Getarian pasa zen moduan. Aurreikuspenak bete dira, eta maila polita ematen ari gara KAE 1 ligan.

Emaitzak ikusita, arraunlariak animatuta al daude?
Taldea motibatuta dago. Iazko denboraldiarekin alderatuta aldaketa dezente izan ditugu taldean, eta aurten arraunlari gazteekin bigarren txanda irabazteko lehian egoteak giro ederra sortu du. Mutilak motibatuta eta indartsu daude, eta oso lan ona egiten ari dira entrenamenduetan eta estropadetan.

Arraun adituek KAE 1 ligako maila nabarmendu dute. Nola ikusten da liga barrutik?
KAE 1 liga indartsu dago. Sailkapenaren buruan dauden lauzpabost taldeak Eusko Label ligarako sailkatzeko borrokan ari dira. Astillerok eta Pedreñak, esaterako, oso arraunlari onak dituzte, aurreko urteetan TKEn garaipenak lortu dituzten mutilak, eta hori antzeman egiten da uretan. Bestalde, Lekittarrak ontziko eta Getariako arraunlariak ez dira aurretik aipatu ditudanak bezain ezagunak, baina lan bikaina egiten ari dira, eta entrenatzaile oso onak dituzte gainera.

Sailkapenean gure aurretik dauden taldeak Eusko Label ligari begira daudela uste dut, eta guretzat oso aberasgarria da asteburuero horiekin lehian aritzea, horrek talde bezala indartzen baikaitu.