Iñurritzako hirigintza antolamenduaren parte hartze saioa, ostegunean

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 10a, 11:18
Eguzki Izarrako lursaila. (Dorleta Agiriano Lai)

Etxezabalan (Kale Nagusia 29) izango da, 18:30ean hasita, eta 13-2 eremuko aldaketa proposamena aurkeztuko dute.

Udalak Iñurritzako 13-2 eremuaren hirigintza antolamenduaren aldaketa proposamena aurkeztuko du ostegun honetan. Eguzki Izarrako lursaila eta Salbatore Mitxelena Ikastola barne hartzen ditu eremu honek, eta bertan egin nahi diren aldaketen inguruan herritarren ekarpenak eta proposamenak jaso nahi dituzte. Tailer irekia izango da, Etxezabalako aretoan, 18:30etik aurrera.

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, hilaren 17ra arte jendaurrean egpngp da Promociones Andutz SL-k eta Salbatore Mitxelena Ikastolak aurkeztu zuten hirigintzako akordio proposamena. Dokumentua osatu duen lan-taldeak ostegunean aurkeztuko du hirigintza antolamendurako proposamena, honako irizpideak oinarri dituena: Ikastola dagoen lekuan finkatzea, handitzeko aukera emanda; Maria Etxetxiki 12 ekipamendua eta Inurritza parkeko pilotalekua finkatzea; eta errekaren beste aldean (Eguzki Izarra) etxebizitza libreak zein babes publikokoak eta hotel bat eraikitzea.