Hiru puntuko handia

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uzt. 11a, 09:00
Ikusmin handia sortu ohi dute Txepelketako buruz buruko saioek. (Hitza)

Motxian bertso eskolak 18. aldiz ospatuko du Bertso Astea. Hiru egunetan egiten den arren, bertsozaleek egitarau zabalaz gozatzeko zein bertan parte hartzeko aukera izango dute.

Uztailak aurrera egin ahala, ate joka dator Motxian bertso eskolak antolatutako Bertso Astea.  Egitasmoa «bertso eskolaren jarduna herriari erakusteko modu bat» dela dio Itziar Unanue antolatzaileak. Hainbat hilabete lehenago hasten dira prestaketa lanetan, eta urtero ahalegintzen dira egitaraua berritzen eta hobetzen. Bihartik larunbatera, bertako zein inguruko herrietako bertsozale orok Zarautzen izango du entzuteko zein jarduteko parada.

Patxaranez eta kafe beroz goxatutako giroarekin hasiko da bihar Bertso Astea, bertso musikatuen emanaldiarekin. Torre Luzeako parkean izango da saioa, 22:00etatik aurrera. Urtero legez, aurrez aukeratutako hainbat bertso sorta entzuteko eta kantatzeko aukera izango da, bertan bildutako jendeari ere bertsoen letrak banatuko dizkiete. Besteak beste, gitarraz, pianoaz, whistle irlandarraz eta kontzertinaz baliatuko dira Motxianeko kideak bertso sortak musikatzeko. Emanaldiaren amaieran, Eonaixilik lehiaketako sariak banatuko dituzte.

Duela lau urte jarri zuten Eonaixilik martxan, eta bertsopaper lehiaketa «desberdin bat» dela esan diote. «Tabernan, trago batzuen ostean, bertsolari sena atera nahi izaten duen lagun horrek ingurukoak ez gogaitzeko pentsatutako bertsopaper lehiaketa da». Herriko zenbait tabernatan kaxa berde bat, orritxo batzuk eta boligrafoak jarri dituzte Motxianeko kideek, puntu erantzun batzuekin, sasibertsolarientzako amu izan daitezen. Irabazleek Bertso Eguneko bazkarirako sarrera eskuratuko dute. Iaz ehun bertso bildu zituzten, beraz, lehiaketak «harrera ona» duela irizten diote antolatzaileek.

Zazpi zarauztar oholtzan

Biahar Bertso-Pelota erronkaren ostean, lehen aldiz, sei bertsolari zarauztarrez osatutako saioa egingo dute Torre Luzeako parkean. Belaunaldi ezberdinek bat egingo dute. Aner Peritz, Ane Peñagarikano, Markel Eizagirre, Hodei Iruretagoiena, Aitor Urbieta eta Iñigo Mancisidor Mantxi ariko dira bat-batean, Nahikari Gabilondo izango dute gaiak jartzen.
 
Larunbatean, berriz, Bertso Egunaren txanda izango da. Hori da Motxian bertso eskolakoen egunik kutunena. Goizetik hasi eta iluntzera arte bertsoak entzuteko zein kantuan aritzeko aukera izango da, trikiti doinuez lagunduta eta, beti ere, jan eta edanaren bueltan. 10:30ean hameiketakoa izango da Musika Plazan, eta 12:00ak arte Txepelketan izena emateko aukera egongo da. Hamaiketakoaren ostean, tabernaz taberna arituko dira buruz buruko lehian, «araurik gabeko» Txepelketan. Zozketa bidez egokitutako bizpahiru bikote aritzen dira nor baino nor taberna bakoitzean, eta jendeak erabakitzen ditu hurrengo fasera igaroko diren bertsolariak. Lehiaketaren bigarren fasea Egoki jatetxean egingo dute, baita finalak ere.

Itziar Unanueren esanetan, azken urteetan, eguraldia alde izateaz gain, «jende ugari bildu da bertso asteko ekitaldietara, baita inguruko herrietakoak ere». Aurten gutxiago ez izatea espero dute Motxianekoek. «Aste berezia da guretzat, urtean zehar elkartzen ez garen bertso eskolako kideok batu eta elkarrekin gozatzeko parada delako».

EGITARAUA
Bihar, osteguna
22:00. Bertso musikatuen emanaldia Torre Luzeako parkean. Bukaeran, Eonaixilik lehiaketako sari banaketa. Euria egingo balu, Merkatu plazan egingo da.

Uztailak 13, ostirala

19:00. IV. Bertso pelota Desapiyua Frontoi Txikin. Euria egingo balu, Zinema pilotalekuan.
22:30. Bertso saioa Torre Luzeako parkean. Euria egingo balu, Merkatu plazan.

Uztailak 14, larunbata

10:30. Hamaiketakoa, Musika plazan.
12:00. Txepelketa, tabernaz taberna.
15:00. Bazkaria eta Txepelketako finala Egoki tabernan.