Hiruerreketa auzoko aparkalekua zeharo eraldatuko du udalak

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 11a, 12:06
Xabier Txurruka alkatea, gaur, Hiruerreketa auzoan (Onintza Lete Arrieta)

Obrak urtea amaitu aurretik egingo direla jakinarazi du Xabier Txurruka alkateak. Horretarako 230.000 euro inbertituko ditu udalak. Hainbat hobekuntza egingo dituzte: zebrabidea eta semaforoak jarriko dira; plazatxo bat egingo dute autobus geltokiarentzat; eta aparkalekuko lurra asfaltatuko dute, besteak beste.

"Auzotarren aspaldiko eskaera bati erantzunez", Zarauzko Udalak 230.000 euro inbertituko ditu Hiruerreketa auzoko aparkalekuaren gunean. Xabier Txurruka alkateak prentsaurrean azaldu duenez, "auzotarrekin egindako bileretan adostuta" idatzi dute proiektua. Zehazki esateko, iazko aurrekontu parte hartzaileetan jaso zituen bizilagunen ekarpenak.

Asmatu S.L.P. enpresa zarauztarrak idatzi du proiektua, eta datozen hilabeteetan lehiaketa publkora aterako ditu obrak udalak. Udazkenean esleituko ditu lanak, eta bi hilabeteko epean egin beharko dituzte. Beraz, urtea amaitu aurretik berrituta egongo litzateke 1.800 metro koadro dituen gunea.

Proiektuak aldundiaren oniritzia du, eta udalak ordainduko du osorik.

Segurtasuna eta funtzionaltasuna ardatz

Lanen zati handiena izango da espazioa berrantolatzea, "funtzionaltasuna irabazteko". Ondorioz, autobus geltokiaren kokapena aldatu egingo dute, Santa Barbarara igotzeko biraketa errazteko (batez ere kamioientzat) eta 30 ibilgailurentzat aparkalekua egiteko, horietako bat ezinduentzat.

Bidegurutzearen segurtasuna hobetzeko, zebrabidea eta semaforoa jarriko dituzte. Botoi bidez funtzionatuko du, eta  gorago dagoen beste semaforoarekin lotuko dute. Hala, bietako batean semaforoa gorri jartzeko eskatzen bada, automatikoki beste semaforoa ere gorri jarriko da.

Horrez gain, oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko espaloiak eta pasabideak jarriko dituzte.

Bestalde, argi gehiago jarriko dute, nekazal bideetara bide egokiagoa egingo dute, eta lurra asfaltatuko dute, gune horretako zati handi bat ez baitago asfaltatuta gaur egun.

Txurrukak uste du aparkalekuaren egokitzapenak "eremuaren antolaketa, funtzionalitatea, garbitasuna eta segurtasuna hobetu" egingo dituela.

Lanengatik, hainbat aldaketa

Lanak egiteko aparkalekuaren zirkulazioa desbideratu beharko da aldi batez, eta tokiz mugitu beharko dira hondakinen edukiontziak, seinaleak nahiz argiztapen elementuak.

Hainbat xehetasun ere eman du alkateak. Bera da, izan ere, Hirigintza arduraduna udalean: "Egun asfaltatuta dagoen errepidean fresaketa puntualak burutuko dira eta errodadura geruza asfaltatuko da berriz, bere osotasunean. Aldiz, aparkalekuaren eremuan, zorua oso hondatuta dagoenez, egun dagoen geruza kenduko da eta asfaltatze pakete berri bat exekutatuko da".

Guztira lau semaforo kokatuko dituztela ere azaldu du. "Lehenengo biak, oinezkoen pasabidearen ondoan, bi noranzkoetan; eta, beste biak, pasabidea baino lehenago, bi noranzkoetan, auto gidariek abiadura murrizteko behar duten denbora kontuan izanik, distantzia egoki batean ezarriko direnak. Gainera, gidariei abisua indartzeko, bi semaforo hauetan argi bidezko abisu seinaleak jarriko dira".

"Iaz obra hauek burutzeko konpromisoa hartu genuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepideen Sailetik proiektuaren onespena lortu ondoren, gure hitza beteko dugu”.