zarauzkohitza.eus

Zaletasunari bide emanez

Aritz Mutiozabal 2018-07-12 08:00   gizartea

Egurrezko surf oholak eta irristailuak egiten ditu eskuz Jose Inazio Andreano Xaxio getariarrak Zarautzen. Abian da abiatu duen proiektuaren izena.

Zaletasunari bide emanez
Jose Inazio Andreano 'Xaxio', surf skate bat eskuetan duela, Abendañoko bere lokalean. (Aritz Mutiozabal | Ikusi handiago | Argazki originala

Betidanik izan ditu gustuko eskulanak Jose Inazio Andreano Xaxio getariarrak, era guztietakoak, baina pixkanaka-pixkanaka egurra joan da nabarmentzen bere lanetan. Duela zazpi bat urte surf oholek piztu zuten bere arreta, eta «hasieran egiten ziren bezalakoak lantzen hasi nintzen, egurrezkoak eta barne-hutsak». Hortik abiatuta, body surfa egiteko esku ahurrean jartzen diren handplane-ak egiten hasi zen ondoren, eta egun lehorreko irristailuekin dabil buru-belarri. Artisau produktuak dira, Zarauzko Abendaño industrialdean duen lokalean eskuz ekoitziak, eta Abian izenez ezagutzera eman dituenak.

Surf eta skate mundutik ez datorren arren, buruan sartu zitzaion surf ohol bat egitearen erronka. «Gaur egun, San Google-ekin informazio asko jaso daiteke, eta, besterik gabe, taula bat egiten hasi nintzen. Nik ez nekiena zen surfeko taulek berezitasun jakin batzuk zituztela, eta oso polita atera zitzaidan arren, sekulako desastrea izan zen. Lagun bati probatzeko eman nion, eta esan zidan ez zuela ezertarako balio».

Emaitza makurraren ondoren, tematu egin zela  dio Xaxiok.  Hobetu nahian, beste lau bat  egin zituen, eta horretan zebilela Paulownia egur mota ezagutu zuen. «Oso arina da, uretan ez da usteltzen eta Alaiak –gila gabeko hasierako surf oholak– egiteko ezinbestekoa, gainerako egur motek ez baitute balio». Egur mota horrekin «mundu oso bat» ireki zitzaion, eta, hala, handplane-ak egiteari ekin zion. «Gainera, berehala gogobetetzen naute.  Izan ere, taulak egiteak lan handia ematen zidan. Agian ematen nuen hilabete. Handplane-ak, aldiz, nahiko azkar egiten dituzu», komentatu du.

Hurrengo jauzia lehorreko irristailuetara izan zen. Asturiasko Salinas Longboard Festivalean izan zen azken aldian, duela bi urte, lagun bat egin zuen, eta hark «mesedetxo bat» egin zion webgunea diseinatzen. Trukean, longboard skate bat eskatu zion Xaxiori: «60 hatzbeteko bat ikusi zuen AEBetan, eta halako bat nahi zuen. Nik ahal nuena egingo nuela erantzun nion». Erronkari heldu zion, baina ekoitzi zuen surfeko lehen oholarekin gertatutakoa errepikatu zitzaion: «Oso polita zen, baina ez hain ona teknikoki». Egur betearekin egin zuen, eta halako irristailuak hainbat xaflaz daude osatuta. «Ez da nolanahiko lana: txapak erosteaz gain, prentsa bat egin behar duzu, trokelak... Pazientziaz, bat egin nuen, eta bete-betean murgildu nintzen istorio honetan».

Urkiaren egur xaflak erabiltzen ditu taulak egiteko, baina azkeneko xafla jartzerakoan bertako egurra erabiltzen dute gainkaldean: haritza, gereziondoa eta lizarra, esaterako. Xaxioren bikotekidea arduratzen da lan horretaz, nolabait ere, taulen kanpoko itxuraz. Eta taula gainean ez labaintzeko, paper-latza erabili ordez, kola eman eta gainetik silize hondarra botatzen diote, «hondartzakoak ez baitu balio horretarako».


Eskuz, banan-banan

Taula gehienak Txinatik datozela ekoitzita eta denak berdinak direla azaldu du. «Kantitate handitan ekartzen dituzte. Guk, ordea, eskuz egiten ditugu, banan-banan, artisau eran». Batetik, cruiserrak, minilongak eta longboardak egiten dituzte, batetik bestera ibiltzeko edo paseatzeko balio dutenak; eta, bestetik, surf skateak, surfeko mugimenduak lehorrean egiteko aproposak. Taula aukera zabal horri gehitu behar zaie burdineria eta gurpil mota ezberdinak. «Mundu oso bat da, poliki-poliki ikasten joan behar izan duguna. Zortez, lagun onak ditugu, eta bati edo besteari galdetuta asko lagundu digute».

Uretako nahiz lehorreko irristailuez gain, orekarekin lotutako produktuak ere egiten dituzte, kirolariei zuzenduta. Baita haurrentzako taula kurbatuak ere, irudimena eta psikomotrizitatea lantzeko baliagarriak direnak.

Abian-en berezitasun garrantzitasuenetako bat da beraien taulak produktu naturalekin eginda daudela. «Erabiltzen ditugun itsasgarriak eta bernizak ureztatuak dira, eta disolbatzailerik ez dugu erabiltzen, dena urarekin garbitzen dugu. Erabiltzen dugun materiala ekologikoa da». Logoa biniloan egiteko aukera bazuten ere, nahiago izan dute beraiek egin, pirograbatutako txapa fin bat erabilita. «Hau guztia birziklagarria da».

Urte eta erdi daramatzate gauzak prestatzen, baina enpresa gisa duela bost bat hilabetetik ari dira. «Eskutik joan zaigun zaletasun bat da. Momentu bat iritsi zen egiten eta egiten ari ginela, eta materiala erosten. Taula bat edo bi egiteko materiala erostea garesti ateratzen zela eta, hobeto etortzen zitzaigun kamioikada txiki bat ekartzea. Poliki-poliki konturatu ginen urki xaflak geneuzkala, prentsa eta trokela eginda geneuzkala... Iritsi zen une bat errazagoa zela hau sortzea, guztia uztea baino».  Denboraldi batez proba egitea erabaki dute, eta «ikusiko dugu nola doakigun». Momentuz, beste ogibide bat du, eta denbora librean taulak egiten gozatzen du.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa