Jai giroan murgilduko dira gaur Vista Alegreko bizilagunak

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 13a, 12:02

Igandera bitartean, era guztietako ekitaldiez gozatuko dute auzotarrek eta bertaratzen direnek. Txupinazioa gaur 18:30ean botako dute, eta sardina jana egingo dute iluntzean. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioarekin amaituko dute aurreneko eguna.

Santa Marina, Zelai Ondo, Iñurritza eta Elkanoren ondoren, Vista Alegrek hartuko du herriko auzoetako jaien lekukoa. Gaur arratsaldean hasiko dituzte festak, ohiko txupinazoarekin, eta aurreneko egunerako sardina janaz gain, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañaren bertso saioa antolatu du.

Larunbatean, nagusiki, haurrei zuzendutako jarduerak eta ekitaldiak egingo dituzte egun osoan: eskulanak, saskiratze eta penalti lehiaketak, zezen txikiak eta ponyak, haurrentzako musika... Baina helduek ere izango dute zer gozatua; besteak beste, bazkari herrikoiarekin eta patata tortilla lehiaketarekin.

Igandean biribilduko dituzte Vista Alegreko jaiak. Haurren ikuskizunaz eta haientzako animazioez gain, txistorra janarekin, toka txapelketarekin eta mariatxien emanaldiarekin gozatu ahalko dute bertaratzen direnek.

Ikusi Vista Alegreko jaietako egitaraua osorik.