Kirol pabiloi berria eraikiko dute Lizardi Institutuko patioan

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 13a, 14:55
Iban San Martin kirol zinegotzia eta Xabier Txurruka alkatea, Lizardiko patioan. (Aritz Mutiozabal)

Araututako bi pista eraikiko dituzte; bata estalia, pabiloiaren barruan, eta bestea, estali gabea, haren ondoan. Udazken honetan eraikitzeko lanekin hasiko direla aurreikusten du Zarauzko Udalak.

Lizardi Institutuaren eta Aritzbatalde kiroldegiaren arteko patioa estaltzeko hainbat eskaera jaso dtuzte urteotan udalean, herriko kirol talde askok entrenatzeko eta partidak jokatzeko espazio falta dutelako aspalditik. Behar horri erantzuteko, hasiera batean eremu horretan aterpe bat eraikitzeko asmoa bazegoen ere, azkenean udal kirol pabiloi berri bat eraikitzea erabaki dute. Proiektuaren berri emateko, Xabier Txurruka alkateak eta Iban San Martin zinegotziak agerraldia egin zuten atzo patioan bertan.

Javier eta Patxi Corta Echaniz eta Javier Corta Martinezek idatzi dute proiektua, eta udalak xehetasun azterketaren azken hirigintza tramiteari behin betiko onespena eman ondoren, orain obrak lehiaketara aterako ditu. Esleipena eginda, eraikitze lanekin udazken honetan hastea espero dute. Eraikin berriaren azalera 1.764 metro koadrokoa izango da eta obraren aurrekontua 2.110.657,77 eurokoa (BEZ barne). Exekuzio epea, gutxi gorabehera, urte eta erdikoa izatea aurreikusi dute.

Institutuaren eta kiroldegiaren arteko espazioak 45 metro x 53 metro inguru neurtzen ditu, eta neurri horietan araututako bi kirol pista eraikitzeko aukera eskaintzen du, 20 metro x 40 metrokoak. Bi pistak ipar-hego norabidean egingo dituzte (gaur egun, ekialde-mendebalde norabidean daude patioko pistak), baina bata pabiloi barruan joango litzateke, estalita, eta bestea, atari zabalean, pabiloiaren segidan, estali gabe eta institutuaren patio gisa.

Bi bolumenetan moldatuta

Pabiloia Aritzbatalde pilotalekuaren hormara itsatsita joango da, baina kiroldegiarekiko independientea izango dela adierazi zuen Xabier Txurruka alkateak. "Eraikinaren konposizioari dagokionez, bi bolumenetan moldatuko da: bata, altuagoa, Aritzbatalde frontoiaren eskala hartuko duena, eta bestea, patio aldera emango duena, baxuagoa eta kristalezko itxitura izango du. Eskala aldaketa honek pabilioia ingurura hobeto moldatzea ahalbidetuko du, patioak ahalik eta argiztapen gehien izan dezan", nabarmendu zuen.

Eraikinaren barne eta kanpo fatxadak hormigoizkoak izango dira, patiora emango duen erdigunea beira zeharrargiarekin. Sarrera nagusia Araba kaletik izango du, eta beste sarbide bat Zuberoa kaletik, ibilgailu, anbulantzia edo larrialdietako zerbitzuentzat. Pabilioiak hall bat izango du sarreran, kirol materiala gordetzeko hainbat gela, harmailak eta kirol pista bat. Erabilera anitzeko gunea ere izan nahi du eraikin berriak, bestelako ekitaldiak ospatzeko. Hori horrela, erretraktil sistema bidezko harmaila izango du, eta Antoniako kiroldegiak duen antzera, balkoi bat izango du. Kirol partidetarako 400 lagunentzako lekua izango du; 200 harmailetan eserita eta beste 200 balkoian zutik. Gainerako ekitaldietarako, aldiz, edukiera handiagoa izango da.



San Martinek jakitera eman zuen udala Lizardi Institutuko zuzendaritzarekin eta Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaritzarekin harremanetan aritu dela, proiektua elkarlanean lantzeko. "Gure nahia da interesei erantzutea; hau da, herriko kirol taldeek entrenatzeko eta asteburuetan partiduak jokatzeko duten espazio arazoak konpontzea eta institutuak dituen beharrei erantzuna ematea du helburu".

Modu horretan, instalazio berriaren "optimizazioa" lortu nahi dute; alde batetik, institutuak eskola-orduetan erabili dezaketelako kiroldegi edo pista estali bezala, eta, bestetik, eskola orduetatik kanpo eta asteburuetan kirol taldeek entrenatzeko erabili ahal izango dute. Bestalde, herritarrek erabili ahal izango dute estali gabeko pista, orain arte bezala, ikastorduetatik kanpo, baldin eta kirol talderen batek hitzordua hartuta ez badu.

Aldundiaren diru laguntza

Obraren aurrekontua 2.110.657,77 eurokoa (BEZ barne) da, baina udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostasun batera iritsi da eta 600.000 euroko diru laguntza jasoko du. Hitzarmena aurki sinatuko dute, eta alkateak azpimarratu zuenez, "laguntza hori gabe ezingo genioke horrelako inbertsio bati". Era berean, inbertsioa hainbat urtetarako izango dela adierazi du; hau da, zati bat 2018ko aurrekontutik ordainduko dute, eta beste zatia 2019ko aurrekontutik.