Aurpegi berri askorekin hasiko du denboraldia Amenabar Zarautzek

Onintza Lete Arrieta 2018ko uzt. 18a, 15:39
Ezkerretik hasita, Ballesteros, Agirrezabalaga, Sanchez eta Otegi (Onintza Lete Arrieta)

Abuztuaren 1ean hasiko ditu entrenamenduak Zarautz Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldeak, eta gaur aurkeztu ditu aurpegi berriak: Hugo Sanchez, Alberto Agirrezabalga, Ander Ballesteros eta Urtzi Otegi. Iraitz Unanue ez da egon aurkezpenean, kanpoan delako.

Aurredenboraldia hastear du Amenabar Zarautzek. 23 taldekide hasiko dira, tartean bi jubenil, eta bigarren taldeko bospasei ere bai. Abuztuaren 1ean hasiko dituzte entrenamenduak, eta aurredenboraldiko partidak zehaztuta dituzte: Santoñaren aurka abuztuaren 18an ariko dira; abuztuaren 23an Anaitasuna B etorriko da Zarautzera; abuztuaren 25ean Asobaleko Anaitasuna Aren aurka jokatuko dute; Egiaren aurka abuztuaren 30ean jokatuko dute; irailaren 1ean etxean jokatuko dute Santoñaren kontra; eta irailaren 8an, Burgosen (Espainia) jokatuko dute triangular bat. Lotzeko dute azken hori.

Juanan Urdangarin Zarautz Eskubaloi klubeko zuzendaritzako kidea da, eta berak aurkeztu ditu entrenatzaile berria eta jokalariak gaur goizean.

Hugo Sanchez, entrenatzailea

Irungoa da, Bidasoan hasi zen, gero Zarautzen bost urte pasatu zituen jokalari gisa, eta entrenatzaile lanetan urte askoko esperientzia dauka.

Euskal Eskubaloi Federazioan ibili da 2014tik, kadete nesken euskal selekzioa entrenatzen eta zuzendari tekniko lanetan. Azken bi urteetan Bera Berako kadete mutilak entrenatu ditu.

Talde polita dutela uste du Sanchezek. "Batetik, jende gaztea maila onarekin dator, juniorrak Espainiako Selekzioarekin ari dira jokatzen oraintxe, eta bestetik, jende beterano garrantzitsua ere badugu; nahaste polita dela uste dut, eta lana eginda, baina badugu gauza politak egitea".

Helburua, beti bezala, maila mantentzea dela azaldu du, eta ez du nahi izan alderatu bere entrenatzeko modua aurreko entrenatzailearenarekin, Aitor Urbitarte Txangurrorenarekin, alegia: "Ez dut haren sistema ezagutzen; bakoitzak berea izaten du, eta biona izango da ona seguruenez". 

"inongo presio eta beldurrik gabe, baina uste dut aurten Amenabarrek ezusteko asko emango dituela", gaineratu du.

Iraitz Unanue, entrenatzaile laguntzailea

Ez da egon aurkezpenean, entrenatzaile ikastaro bat egiten ari delako Madrilen, baina hura amaitutakoan, Amenabarren izango da, Sanchezekin batera.

Denboraldi amaieran atezainik gabe gelditu ginen, gauza bat dela eta bestea dela, hirurek joan behar izan dute, eta bi atezain berri izango ditugu denboraldi berrian.

Urtzi Otegi, atezaina

Irungoa da, talde askotan ibilia da: Bidasoa, Hondarribia, Ereintza... Azken boladan Tolosan ibili da. Urtebete jokatu gabe egon da, eta aurten gurekin dator.

"Urtebete egon naiz jokatu gabe, eta ez nuen espero Zarautzetik deituko zidatenik. Beti zarauztarren kontra jokatu izan dut eta Aritzbatalden sekulako giroa ikusi izan dut, eta jakin nahi nuen zer den hemen jokatzea harmailak alde edukita. Ea denok elkarrekin lan eginda helburua lortzen dugun eta urte polita izaten den".

Ander Ballesteros, atezaina

Zumaiarra da, Pulpoko harrobikoa, eta azken urteetan Eibarren ibili da lehen nazionalean. Erronka berria, kategoria bat gorago ibiliko delako.

Aurreko denboraldian bigarren partidan lesionatu zen, eta ordutik ez du jokatu. "Ez nuen espero maila bat goragotik deitzerik, eta ilusio handia egin dit Zarautzera etortzeak. Harmailak zure alde egotea motibazio handia da, Urtzik esan bezala. Gustura nago esperientzia honekin".

Pulpoko harrobikoa izan arren, zumaiarren eta zarauztarren arteko pikea kantxa barruan gelditzen dela azaldu du.

Alberto Agirrezabalaga

Zarauztarra, bertako harrobian hasitakoa, Asobaleko talde askotan aritua, baita Europan ere, eta aurten etxean ariko da.

2012tik ibili da Europako taldeetan lehiatzen, profesional. Eslovenian, Hungarian eta Frantzian aritu da.  Espainiako talderen batean aritzeko aukera izan du, baina etxean gelditzea erabaki du, "eskubaloiaz gozatzeko". Sanchezek taldea entrenatuko zuela jakin zuenean, erabaki zuen nahi zuela berriz jokatzen hasi. "Denbora asko ibili naiz kanpoan, eta aurten jokatu gabe egon naizen arren, urte osoa pasatu dut Zarauzko taldearekin entrenatzen, eta ilusio handia daukat orain taldeari ahal dudan gehiena aportatzeko".

Anaia ere Amenabar Zarautz taldekoa du, David, baina sorbaldatik operatuko dute laster, eta horregatik haren zenbakia hartuko du Albertok, 7a.