Leire Garmendia: "Gaia lantzeko beharra bazegoen"

Dorleta Agiriano Lai 2018ko uzt. 19a, 10:33
Leire Garmendia zuzendaria dokumentalean parte hartu duten surflariekin. (Leire Garmendia)

Emakumeek surf munduan duten rolaren inguruko dokumentala ekoiztu du Leire Garmendiak (Zarautz, 1995), eta aste honetan Zarautzen eskaini du premierra. Estreinaldiaren arrakasta ikusita, "gaiak interesa sortzen duela eta kontzientzia handituz doala" ondorioztatu du egileak.

Gradua amaitzeko egin beharreko proiektua "gizartearentzat ekarpen bat" izatea nahi zuen Garmendiak. Bost urtez egon da Madrilen kazetaritza eta ikus-entzuneko komunikazioa ikasten, eta indartsu itzuli da herrira. Gradu amaierako proiektu gisa ekoiztutako Glassy dokumentala publiko egin eta herrian estreinatzea erabaki zuen, interesa eta eztabaida piztu zitzakeela iritzita.

Surfa aitzakia bat

Dokumentalak emakume surflaria du ardatz. Dena den, Garmendiaren esanetan, surf mundua aztertzea aitzakia bat izan da. Bere ustez, orokorrean emakumeek bizitza sozialean, besteak beste, kirolean, duten parte hartzea eta rola dira heldu beharreko gai nagusiak. "Surfa aukeratu dut, surfa maite dudalako eta egitea gehien gustatzen zaidana delako. Baina beste edozein kirol hautatu izan banu, seguru nago ondorioak ia berdinak izango liratekeela. Emakumeen kirolean patroiak eta ezaugarriak errepikatu egiten dira; babes falta, ikusgaitasun falta eta emakumearen irudi sexualizatua, besteak beste". Beraz, emakumeen surfaren problematika, problematika oso eta orokor baten ispilu gisa ulertzen du Garmendiak.

"Gaiari buruz hitz egiteko beharra somatu zitekeen"

Bere lanak izan duen harrera kontuan hartuta, Garmendiak garbi ikusi du interes handia sortzen duen gai bat dela. "Jendeak badu honetaz hitz egiteko gogoa, eta argi hitz egitekoa gainera". Egileak dioenez, elkarrizketatuak izango zirenekin kontaktuan jartzean, guztiek erakutsi zuten hasieratik proiektuan parte hartzeko gogoa. "Gaia lantzeko beharra somatu zitekeela esan daiteke. Emakume surflari askok zuen kontatzeko eta esateko gauza asko".

Eskualdeko emakume surflariak nagusi

Hasieran estatu osoko emakume surflariak elkarrizketatzeko ideia zuen buruan, baina azkenean, hurbilera jo eta batez ere eskualdekoekin hitz egin du. Beraz, hauek dira dokumentalean parte hartu duten surflariak: Garazi Sanchez (Algorta, 1992), Ainara Aymat (Zarautz, 1996), Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000), June Erostarbe (Zarautz, 1997), Sonia Ziani (Orio, 1990) Janire Gonzalez-Etxabarri (Zumaia, 2005) eta Annette Gonzalez-Etxabarri (Zumaia, 2007).

Ia arakatu gabeko mundu bat

Gaia landu nahian hasi bezain pronto konturatu zen Garmendia ia arakatu gabeko mundu bat zela. "Nire proiektua dokumental bat da, baina bere zati idatzi eta teorikoa ere baditu. Hau osatzeko material bila hasi nintzenean, konturatu nintzen ez zegoela ia ezer idatzita emakumezkoen surfari buruz. Beraz, nik ekoiztu behar izan nuen eduki teorikoaren zati handi bat. Elkarrizketa asko egin behar izan nituen".

Gaur egun surflariak diren emakume gazteak elkarrizketatzeaz gain, mundu honen jatorria eta ibilbide historikoa aztertu ahal izateko ia materialik ez zegoenez, emakumezkoen surfean lehenengo pausoak eman zituzten zenbait aitzindarirekin ere hitz egin zuen, belaunaldi desberdinak ukituz; Marimar Izagirre, Mari Jose Urteaga, Miriam Imaz... "Oso gauza interesgarriak kontatu zizkidaten. Ikaragarria izan zen emakume hauetako batzuk surfean hasi zirenean, txapelketetan parte hartu ahal izateko egin behar izaten zituztenak entzutea".

Gaia landu, zabaldu eta kontzientzia sortzeko beharra

Garmendiarentzat sekulako ustekabea izan da bere dokumentalaren estreinaldiak Zarautzen hainbeste jende mugitu izana. "Shelter beteta ikusi nuenean, harrituta gelditu nintzen, baina sekulakoa izan zen sentitu nuen ilusioa". Behin bere herrian estreinatuta, proiektua leku gehiagotan aurkezteko asmoa erakutsi du: "gaiaren lanketa eta dokumentalak ematen duen mezua zabaltzea nahi dut, leku eta jende gehiagorengana iristea nahi dut".

Filma internetera igoko du, baina garrantzitsuena jendeak zuzenean ikusi eta bizitzea dela uste du. "Printzipioz Gijonen izango naiz laister, eta Alicanten aurkezteko aukera ere izango dudala ematen du. Donostian, Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta Galizian izatea ere gustatuko litzaidake".

"Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake" 

"Badakit nire dokumentalak ez duela oraintxe mundua aldatzea lortuko, baina garrantzitsua da pixkanaka gaiaren inguruko kontzientzia hartzen eta sortzen joatea, eta dokumentalak horretan laguntzen badu, ni oso pozik egongo naiz". "Lehenengo pausua da kontzientzia hartzen joatea".