Musikaren koloreak plazan

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uzt. 19a, 17:34

Bihar abiatuko da Sara Mansillaren kontzertuarekin, Adarretatik jaialdia. Ostiraletik igandera bitartean hainbat artistek herriko txoko ezberdinak girotuko dituzte, haien artean, Mikel Urdangarin abeslaria.

Ez dira asko Mikel Urdangarinek Zarautzen eman dituen kontzertuak. Artistak gogoratzen duenez,  2002. urte inguruan igo zen Zarauzko Musika Plazara azkenengo aldiz. Duela hamasei urte zapaldutako oholtza berera igoko da bihar, Adarretatik jaialdiaren barruan eskainiko duen kontzertuan. «Musika eta kultura erdigunean jartzeko» sortutako jaialdia da Adarretatik. Oier Aranzabalek eta Mikel Unzurrunaga Makalak bultzatutako ekimena izanik, «musikaren ertzak ukituko ditu» Zarauzko txoko ezberdinez baliatuz, asteburu honetan. 

Merkatu plazan izango diren kontzertuek ukitu akustikoagoa izango dute, eta bazkalaurretik izango dira. Arratsaldeetan, Musika Plazan euskal musika izango da entzungai, eta gauetan, itsas pasealekuan, eskaintza «anitzago» baten aldeko apustua egin dute.Adarretatik jaialdian guztira, dozena bat proiektuz gozatzeko aukera izango da bihartik hasi eta igandera arte. Bertakoak zein nazioartekoak, artista bakoitzak «bere kolorearekin» girotuko du dagokion txokoa zein unea. Antolatzaileen esanetan, ez da nolanahiko jaialdia izango.Euskal abeslarien artean, Mikel Urdangarin bakarlaria entzuteko aukera izango da, eta egunotan, beraz, kontzertua mimoz prestatzen dihardu.

 

Kontzertu bakoitza, berezi

«Oholtzara kantatzera igotze hutsa beti da ospakizuna». Ofizioan 21 urte badaramatza ere,  kontzertuetako uneak ez ditu normalizatu; izan ere, Urdangarinek «pribilegiotzat» dauka jendaurrean kantuan aritzea. Zarauzko kontzertuak gainontzeko guztiek sortzen dioten «zirrara bera» eragiten diola aitortu du, eta «kontzertu eder bat» eskaintzeko asmoz etorriko da. Azken hamabost urteetan laguntzen izan duen talde berberarekin girotuko du bihar iluntzea Musika Plazan, eta atera duen azken Margolaria laneko abesti ugari eskaintzeaz gain, izango da abesti zaharragoak entzuteko aukerarik ere. 2019. urtearen erdialdera arte Margolaria proiektuarekin biran jarraitzeko asmoa duen arren, sukalde lanetan ere badabilela aurreratu du zornotzarrak. Zehazki zertan azaldu ez badu ere, 2019rako «egitasmo berri bat» du esku artean.

 

Zorioneko jaiotza

Urdangarinek «berri ontzat» dauka horrelako ekimenetatik irtendako  jaialdien sorrera. Musikariaren ustez, balio handikoa da. «Asko balio duten bi pertsona dira sustatzaileak, eta garrantzitsua da kulturgintzarekiko daukaten kontzientzia sakona». Bizi oparoa izan dezan opa dio musikariak jaialdiari. Izan ere, honakoa ez da jaialdiaren hirugarren egunean hiltzeko sortu den egitasmoa, antolatzaileek estrainekoz antolatuari jarraipena emateko asmoa azaldu baitute.

Lehenengo edizio hau antolatu ahal izateko,  Zarauzko Udaleko     Kultur Sailaren babesa izan dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Katapulta programarekin ere kolaborazio lanetan ariko dira, Merkatu plazako kontzertuetan.