Gozogileak eduki dezakeen gaitzik larrienetakoa dauka Ramon Serrasek (Zarautz, 1943): diabetikoa da. “Berandu jakinarazi zidaten, behintzat, eta gozo-gozo bizi izandakoa naiz”, aitortu du. Aitaren afizioari segika hasi zen argazkiak ateratzen, eta 100.000 argazkitik gora dauzka ordenagailuan. Nazioarteko sari asko irabazitakoa da. “Ehundik gora”, zehaztu du. Baina barru-barrura iritsi zaio azkena: Zarauzko Udalak uztailaren 31n, 75 urte beteko dituen egunean, emango dion Kultur Merezimenduaren Domina.
Gozogile argazkilaria; argazkilari gozogilea… Nola egiten duzu, normalean, zeure buruaren aurkezpena?
Zarauzko gozogile familia bateko hirugarren belaunaldiko semea naiz ni. Kataluniarra zen nire aitona, eta zarauztar batekin ezkondu zen. Euskaldunak dauzkat abizenen erdiak, eta katalanak beste erdiak. Familiak Zarautzen jarri zuen gozo denda, 1908an; gozogilea izan nuen aita, osaba ere bai… Argazkilaritza munduan, berriz, aitaren afizioari segika sartu nintzen. Argazki kamera bat zeukan aitak, eta 13 urte betetzerako Zarauzko apaiz batek erakutsi zion errebelatzen. Gure etxean betidanik egon izan da argazki kamera bat, eta ni ere oso umetan hasi nintzen argazkiak ateratzen. Gogoan daukat aitonak ere argazki zale amorratuak zirela, eta dirua ematen zigutela familiako kideren bat argazkiren batean agertzen bazen, erosteko.
Betidanik eduki izan dut lotura argazkigintzarekin, baina margotzen hasi nintzen aurrena. Emazteak pailazo bat nahi zuen umeen gelan, eta, pinturak ekarriz gero, koadroa nik neuk egingo nuela esan nion, erosi beharrik gabe; berehala ekarri zizkidan pinturak eta pintzelak. Zeanurikoa da emaztea; askotan joaten ginen familiaren baserrira, eta pintaketan aritzen nintzen han ere.
Azken 25 urteotan gutxitan huts egin duzu: esnatu, gosaldu eta Zarauzko Photomuseumera zuzenean, ezta?
Hala da, bai. Kasualitatez, gaur 25 urte inauguratu genuen museoa [astelehenean egindakoa da elkarrizketa]. Leopoldo Zugaza eta biok elkartu ginen proiektuan, eta Manuela etxeko hirugarren solairua eskaini zigun udalak. Bizkaiko Aurrezki Kutxako kultura arloko arduraduna zen orduan, argazkilaritzaren oso aldekoa. Dagerrotipoa, anbrotipoa, argazki zaharrak… Ordurako denetik erosten hasita nengoen ni. Zarauzko liburu bat egin nuen lehenengo: Zarautz 1866-1936. Argazki zaharrak erosita, Kutxarekin kaleratu nuen liburua. Garai bateko Zarautzen testigantza ona dela uste dut. Niretzat argazkigintza ez zen kamerarekin argazkiak ateratzea bakarrik, garrantzitsua zen argazkien atzeko historia ere, eta bide horretan jarraitu nuen lanean. Bildumagilea zen Leopoldo ere, eta museo bat zergatik ez genuen sortuko galdetu zidan. Ezetz esango nion beste edonori, baina banekien Leopoldo gai zela museoa aurrera ateratzeko.
Pausoa emanda, 25 urte bete ditu, jada, museoak. Espero zenuen bidea egin al du?
Niretzat oso garrantzitsua da museo hau. Espainiako Estatuko argazkigintzako bakarra da; horrek izena ematen dio Zarautzi.