Gaur arratsaldean hasiko dira Galiziako eguna ospatzen

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 21a, 08:30
Aurreko urteko Galiziako egunean ere ederki gozatu zuten.

Ospakizun nagusiak bihar egingo badituzte ere, gaur arratsaldean gaita poteoa izango da alde zaharrean.

35. aldiz antolatu dute galiziarren eguna Carballeira elkarte gastronomikoko kideek. Egun handia bihar ospatuko badute ere, gaur, 19:30etatik aurrera, gaita poteoa izango da alde zaharreko kaleetatik, eta 23:00etan, gaita jotzaileek kontzertua eskainiko dute Musika Plazko kioskoan.

Bihar, egunari hasiera emateko, hiru musika talde galiziar kalejiran ariko dira herrian zehar, 10:30ean abiatuta. Ondoren, Iñurritzan elkartuko dira hirurak, eta bertan, egun osoan zehar izango da Galiziako musikaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera. Besteak beste, olagarroa, lakoia eta enpanadak jateko aukera izango da.