Grinak pizteko asmoz

Amaia Urbieta Arruti 2018ko uzt. 21a, 14:39
Etxeko txikienak izan dira protagonista gaurko jardunaldian. (Amaia Urbieta Arruti)

25. urteurrenaren harira, ate irekien jardunaldia antolatu dute Zarauzko suhiltzaileen parkeko langileek. Herritarren zergetatik ordaintzen den lanbidea izanagatik, suhiltzaileekiko aurreiritzi asko daudela azaldu du parkeko langilea den Marcelino Dominguezek.

Duela 25 urte jarri zuten martxan Maria Etxetxiki kaleko suhiltzaileen parkea. Eskualdeko kostaldeko herriez arduratzen dira bertan, nahiz eta sarri inguruko parkeei ere laguntzen dieten, edo ingurukoek beraiei, beharraren arabera. Parkea sortu aurretik, suhiltzaile profesional bat eta bost boluntario soilik izaten ziren txandako, eta orain, txandako lau suhiltzaile egoten dira parkean, izan ere, berau sortu aurretik boluntario lanetan jardundakoen %30a suhiltzaile profesionala da gaur egun.

Azken 25 urteetan material zein giza baliabide aldetik aurrerapen handiak egin dituztela azaldu du Dominguezek. "Guk zaintzen dugun eremuak 5200 eskuhartze baino gehiago izan ditu urteotan, eta lehen geneuzkan baliabideekin ezinezkoa zen horiei aurre egitea". Gipuzkoan aldundiaren zortzi suhiltzaile parke daude. Donostiako parkea udalarena da, eta hiriaz gain, eskualdeari ere ematen dio estaldura.

 

Ezagutarazteko ekimena

Egiten duten lana herritarrei ezagutarazteko beharra ikusi zuten Zarauzko parkeko suhiltzaileek. "Gure inguruko jendeak ez du ezagutzen egiten duguna, zer egin dezakegun, zer dagoen parkearen barruan... urteurrena herritarrei gure jarduna erakutsiaz ospatu nahi izan dugu, azkenean, beraiek baitira gure soldatak ordaintzen dituztenak". Sarri, jendeak buruan okerra daukala azaldu du Dominguezek. "Bi zentzutan izan daiteke okerra. Bada heroiak garela uste duenik, eta beste batzuk aldiz, alproja hutsak garela uste dute". Suhiltzaileak argi utzi du langile publikoak direla, beste hainbat herritarren moduan. Formakuntza oso bereziak jasotzen dituztela ere azpimarratu du, beraien lana egiteko oso baliabide bereziak behar baitituzte.

Ate irekien egitasmoak jaso duen erantzunarekin "gustora" daude suhiltzaileak. Jende gutxiago espero zuten arren, azkenean, talde txikietan banatu dituzte bisitariak, dena ongi ikusi ahal izateko. Azpimarratzekoa da ofizioak umeei sortzen dien ikusmira. Horren jakitun ziren parkeko langileak, eta jostailuzko kaskoak prest zituzten txikienentzat. "Badakigu umeentzat oso deigarria dela gure lana. Kamioietan joaten gara, soinu handia ateratzen dugu, argiak eramaten ditugu... Ona da haurrek hau guztia ikustea eta ikastea, azkenean, beraiek izango baitira etorkizuneko suhiltzaileak".

Erlazionatuak