Euskaltzain urgazle izendatu dituzte Xabier Peritz ‘Euzkitze’ eta Andres Alberdi Gorostiaga

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 25a, 15:29
Xabier Peritz 'Euzkitze'.

Hamabi euskaltzain urgazle izendatu zituen joan den ostiralean Bizkaiko foru jauregian egindako bilkuran; horien artean, 'Euzkitze' Zarautzen bizi den azpeitiarra eta Alberdi getariarra.

Euskaltzaindiaren lantaldeetan aspalditik ibili diren zenbait pertsona izendatu dituzte euskaltzain urgazle. Zehazki, joan den ostiralean Bizkaiko Foru jauregian egindako ekitaldian egin zituzten izendapenak. Arabakoak eta Nafarroakoak duela bi urte egin zituzten, eta Bizkaiari, Gipuzkoari eta Ipar Euskal Herriari dagozkienak egin dituzte orain.

Horien artean dira Xabier Peritz Euzkitze Zarauzko biztanle euskaltzale eta telebista aurkezlea eta Andres Alberdi Gorostiaga getariar euskara eta literatura irakasle ohia. Honako hauek dira beste urgazle berriak: Irene Arrarats Lizeaga, Josu Pikabea Torrano, Luis Mari Zaldua Etxabe, Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza, Gotzon Lobera Revilla, Celine Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.