Zabalik da Euskal Asteko Trikitilari Gazteen Txapelketarako izen-ematea

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 27a, 12:21
Trikitilari Gazteen XXXVI. Txapelketa. (Hitza)

Irailaren 5ean izango da lehiaketa, eta 20 urte azpiko bikoteek abuztuaren 24ra arte eman dezakete izena, Zarauzko Turismo bulegoan. Hona hemen txapelketako arauen inguruko informazioa.

Aurten, irailaren 5ean izango da Trikitilari Gazteen XXXVIII. Txapelketa, Euskal Astearen barruan. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da lehiaketa, Lege Zaharren enparantzan. Euria eginez gero, Gaztelekuan izango da. 

Soinujole eta pandero-jotzaile bikote gazteek abuztuaren 24a baino lehenago eman beharko dute izena Zarauzko Turismo bulegoan (Nafarroa kalea, 3) edo 943 00 51 19 telefonora deituz.

Urtero bezala, maila bakarra egongo da txapelketan, eta bikote bakoitzak lau pieza jo beharko ditu: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Hauetakoren bat norberak sortutakoa bada, aurrez epaimahaiari adierazi beharko diote parte hartzaileek, baloratu eta kontuan hartu dadin. Trikitixa eta porrusalda koplarekin lagunduta jo beharko dute trikitilariek, eta janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantentzea ere funtsezkoa da.

Parte hartzaile guztiek 20 urte bete gabe izan beharko dituzte. Adina egiaztatzeko, nortasun agiria edo familia liburua aurkeztu beharko dute.

Txapelketaren hasieran, bikote parte hartzaileen kopurua kontuan izango da. Horren arabera, epaimahaiak aldez aurretik kanporaketa bat egin dezake, baina hau hala balitz, aurrez jakinaraziko du. Kanporaketa izanez gero, parte hartzaileek pieza bat jo beharko dute, eta finalera iritsiz gero, bertan ezingo dute pieza errepikatu.