EH Bilduk adierazi du EAJ udalean egiten ari den "kudeaketa txarra" zerbitzuen eta langileen "prekaritatean" eragiten ari dela, "aurreikusita egon behar luketen kontratuak garaiz egiteko gai ez delako". Koalizioaren ustez, horren erakusgarri da uztail amaierako udalbatzarrean erabaki behar izatea uztail hasieran lanean hasi behar zuen langile baten bateragarritasuna. "Turismorako errefortzu gisa bi hilabetetarako programatuta zegoena hilabete bakarrean egongo da orain. Horrek departamentu horretako langileengan eragin zuzena izan du, denok ezagutzen ditugun udan sortzen diren beharrei erantzuteko beren jardunaldiak luzatzera behartu baititu EAJk". Horrekin batera, malekoiko udako kantinen esleipena ere oso berandu egin dutela nabarmendu du, "jada udan sartuta geundela".
Udal Gobernuak TAO zerbitzuaren kontratua "modu irregularrean" luzatzen jarraitzen duela ere azpimarratu du EH Bilduk, "dagoeneko bi urte eta erdiz baino gehiago". Zerbitzu hori eskaintzeko hiru enpresek beren proposamenak aurkeztu dituztela, baina "EAJk nahiago izan du nahierara aukeratuta daukan enpresarekin jarraitzea, non kasualitatez beren zinegotzi bat bertan lanean ari den". 2017ko uztailean salatu zuen EH Bilduk egoera eta urtebete geroago "berdinean" jarraitzen duela adierazi du, nahiz eta "nahieran kontratatutako diru kopurua milioi eta erdi euro ingurura igo den dagoeneko".
Santa Klarako pasabideaz eta San Frantzisko kalearen oinezkotzeko lanei buruz ere kritiko agertu da koalizioa. "Lehenengoa uztail hasieran amaitzea aurreikusten zen, baina zulaketak egiteko sistema merkeena aukeratzeak arrakala larriak eragin zituen inguruko etxeetan. Lanak geratu behar izan zituzten aurreikusi gabeko sistema aldatzeak eragindako gainkostuak nork ordaindu behar zituen erabaki arte. Prentsan ere nabarmendu da kudeaketa txar hori, sarri ikusi baitute lanak 'aurrera' doazela errepikatzearen beharra". Oinezkotzeko lanei dagokienez, uda betean hasi dituztela lanak gogorazi du, "gure herrian jende gehien dagoen garaian, aurrekontuan lan horiek lehenesteko gaitasunik izan ez dutelako".
EH Bilduren esanetan, udaletxe barruan ere islatzen da "kudeaketa txar" hori. Apirilean alde egin zuen Giza Baliabidetako arduradunaren lanpostua bete gabe dagoela oraindik jakitera eman du, baita kontu-hartzaileak ere martxoan iragarri zuela bere lanpostua utziko zuela ere. "Gainera, hauteskunde aurreko urtean obrak ateratzearen presak ondorio larriak eragiten ari da Hirigintza eta Herrilan departamentuetan". Koalizioaren iritziz, "jarrera horrek agerian uzten du EAJk interes partidistak lehenesten dituela zarauztar guztion interesen aurretik".