Asier Nieto eta Ibai Jauregi: "Egiten dugun lana eta gure lan baldintzak ez datoz bat"

Dorleta Agiriano Lai 2018ko uzt. 30a, 14:37
Asier Nieto eta Ibai Jauregi Zarauzko hondartzan. (Dorleta Agiriano Lai)

SOS sorosleak lelopean, Zarauzko Gurutze Gorriko sorosleek ere atzo abiatu zuten hiru egunez luzatuko den borrokaldia. Beren lan baldintzak direla eta, Gipuzkoako hondartza guztietan hedatu da sorosleen mugimendua. Zarauzko egoeraren berri eman dute gaur Asier Nieto eta Ibai Jauregik.

Zergatik ari zarete protestan?
Asier Nieto:
Laburbilduz, uste dugulako gure lan baldintzetan ez dela egiten dugun lana islatzen. Lan baldintzak eta lana ez datoz bat. Zarauzko hondartza penintsulako arriskutsuenetarikoa da. Oso hondartza irekia da, itsasaldi eta korronte gogorrak izaten dira, jende asko egoten da, arrokadun bi eremu ditugu... Egiten dugun lana herrian oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Suposatzen dituen arrisku eta ardura maila kontuan izanik, lan baldintzak ez dira errealitatera egokitzen; ez soldata aldetik, ez lanerako material aldetik.

Nolakoa da sorosleen lana?
A.N:
Egunean 9 ordu pasatzen ditugu hondartzan bueltaka, eguzkitan, arrisku desberdinei aurre egiten, hondartza zaintzen, laguntza ematen, portuan jauziak babesten, inmobilizazioak burutzen, harroken ingurua zaintzen... Eta gainera, hondartza jendez gainezka egonda. Lan ikaragarria da hau guztia aurrera eraman eta kudeatzea, eta ez dugu uste nahikoa baloratzen denik.

Ibai Jauregi: Ematen dugun zerbitzua ez dugu konpentsatua ikusten. Gure lana ez da asko ikusten, oso diskretua da. Baina datuak begiratzen hasiz gero, zifrak harrigarriak dira; erreskatatzeak, laguntzak... Badirudi hondartzan ez dela ezer pasatzen sirena entzuten ez bada, baina sorosleen lanean mugimendu asko dago egunero. Atzeko lan asko dago, eta askotan kostata edo iritsi ezinik ibiltzen gara.

Noiz hasi zineten mugitzen?
A.N:
Urte askotan ibili gara borrokan, batez ere azken lau urteotan, bai udalarekin bai Gurutze Gorria enpresarekin. Gure egoera eta lanerako ditugun baldintzak ikusarazi nahi izan dizkiegu, irtenbideren bat bilatzeko. Askotan esan diegu mesedez gure lana baloratzeko, estatistikei erreparatzeko, eta hondartza urtez urte aurrera ateratzen dugula konturatzeko. Duela lau urte, oso gogorra izan zen egoera. Bi sorosle kaleratu zituzten, Gurutze Gorriari zenbait eskakizun egiteagatik.

Beraz, zein erantzun jaso izan duzue Gurutze Gorriaren partetik?
A.N:
Hasieran beti erakusten dute jarrera ona, guztiari baiezkoa ematen diote, baina gero inor ez da ezer aldatzeko mugitzen, eta egoerak bere horretan jarraitzen du. Urtero egiten dizkigute hurrengo urterako promesak, baina gero ez dituzte betetzen, edo hobekuntza barregarriak egiten dituzte. Oso nekatuta gaude. Urte batzuk honetan lanean daramatzagunok karga handia dugu bizkar gainean. 

Zergatik ez zarete ari egun hauetan greba egiten?
I.J:
Gipuzkoako hondartza askotan lan baldintzengatiko mugimenduak gora egin zuen, eta uztailaren 29, 30 eta 31rako greba deitu zen. Eusko Jaurlaritzaren arabera, greba egin nahi badugu ere, eman beharreko zerbitzu minimoa %80ekoa da. Zarauzko hondartzaren kasuan, horrek esan nahi du 24 sorosle etorri beharrean, greba egitekotan, 20 soroslek etorri beharko genukeela. 24 edo 20 egon, hondartzaren funtzionamendua berdina izango litzateke, baina sorosleak are larriago ibiliko ginateke. Ez da greba serio bat, eta nolabait, aukera hori kendu digute. Beraz, nahi gabe, baina azkenean kontrakoa egin dugu.

A.N: Gure derrigorrezko zerbitzu minimoak %80ekoa izan behar badu, garbi ikusten da instituzioen begietatik ere premiazkoa dela gure lana. Baina hain premiazkoa iruditzen bazaie lan hori, gero errealitatean zergatik ez da baloratzen? Zergatik ditugu hain lan baldintza txarrak?

Zeintzuk dira zuen eskakizunak?
I.J:
Batez ere, soldataren eta materialaren inguruko eskakizunak dira; soldaten igoera, igande eta jaiegunetan lan egiteagatik gehigarri bat jasotzea eta materialaren eguneratzea. Egunez egun dugun erritmoarekin eta eguzkitan zein itsasoan egonik, materiala azkar higatzen da, eta ez da ia eguneratzen. Gurutze Gorriak ez ditu pleguetan ezarrita dauden minimoak betetzen, nahiz eta udalak horretarako ematen dien dirua. Sorosleok ibiltzen gara Gurutze Gorriaren kudeaketak eragiten dituen hutsuneak ahal bezala betetzen, eta oso larri.

A.N: Bestalde, udaletxeko pleguetan ezarrita dagoen sorosle kopuru minimoa 16ekoa da, eta kopuru horrekin ezinezkoa da hondartza modu seguruan aurrera ateratzea. Egia da normalean 23 inguru egoten garela, baina pleguetan idatzia dagoen kopuru minimoa aldatu egin behar dela uste dugu.

I.J: Gainera, sorosleekin ez da ezertarako ere kontatzen. Pleguak, hondartzan emango den zerbitzuaren oinarriak, sokorristak entzun gabe idazten dira. Azken finean, gu gara egunez egun hemen lanean gaudenak, baina agian, hondartza ezagutu ere egiten ez duen jendeak idazten du guk egingo dugun lanaren oinarriak zer nolakoak izango diren. Ez du zentzurik. Errealitatea ezagutzen dutenek hartu behar dituzte erabakiak, ez alderantziz. Gurekin lanerako bakarrik kontatzen dute, beraiek idatzi dutenaren arabera lana egin dezagun.

Noiz erabaki zenuten egoera honi aurre egin eta mugitzen hastea?
I.J:
Aurreko urtean, Donostiako sorosleak beren lan baldintzengatik mugitzen eta antolatzen hasi ziren, eta ELArekin harremanetan jarri ziren. Gipuzkoako gainontzeko hondartzetako sorosleekin ere kontaktuan jarri ziren, gu barne. Honela, sorosleen mugimendua zabaltzen hasi zen. Bilerak antolatu ziren eta gu bertan izan ginen. Egoera konplexua da, tokian toki sorosleok ditugun baldintzak desberdinak baitira. Gure kasuan, Zarauzko hondartzari egokitutako eskakizun minimo eta erreal batzuk identifikatu genituen, eta Gurutze Gorriari helarazi genizkion.

Eta zer esan dizue Gurutze Gorriak?
I.J: Ez dituzte gure eskakizunak onartu. Beren argudioa honakoa da: eskatu duguna onartzen badute, Gurutze Gorriaren kudeaketapean dauden gainontzeko langileen baldintzak ere berregokitu eta hobetu beharko dituztela, enpresaren barne-egitura dela eta. Hemen gure lan baldintzak aldatzen badituzte, akaso beste lekuren batean baldintza penagarritan dauden sorosleenak ere aldatu beharko dituzte, eta horregatik dira beldur. Esan digute beraiek onar dezaketen maximoa zein den, eta ez da guk eskatutako minimora hurbiltzen. Udalak esan du entzuteko eta hobekuntzak egiteko prest dagoela, baina arazoa enpresarekin dugu.

Zein asmo duzue egun hauetarako?
A.N:
Gurutze Gorriarekin hitz egin beharra daukagu, eta gero Udalarekin bildu beharko lirateke. Bihar iluntzean daukagu hitzordua Gurutze Gorriarekin. Bitartean, gaur zein bihar egingo ditugu protestak, goizean eta iluntzean (09:45ean eta 20:30ean). Herriaren partetik erantzun ona izan dugulakoan gaude. Askoek ez zekiten zein lan baldintza txarrak jasan behar izaten ditugun, eta harrituta daude. Ikusiko dugu orain zein pauso ematen dituen enpresak, gu zain gaude, baina egoera honek ez du luze iraungo.