Torreoiaren eraberritze proiektua azaltzeko bilera ostegunean

Zarauzko Hitza 2018ko uzt. 31a, 11:26
ZarauzkoTorreoia. (Hitza)

Vista Alegreko Auzo Elkartearen lokalean izango da, 19:00etan, eta proiektua idatzi duten arkitektoek azalpenak emango dituzte.

Zarauzko Udalak auzo bilera bat deitu du datorren ostegunerako, abuztuaren 2rako. Vista Alegreko Auzo Elkartearen lokalean izango da 19:00etan, eta bertan, Torreoiaren eraberritze proiektua azalduko dute. Bertan izango dira proiektua idatzi duten arkitektoak; Earki Arkitektoak Sociedad Cooperativako kideak, alegia.

Bilera Vista Alegreko auzokideei eta interesa duen pertsona orori dago zuzendua, eta bertan proiektuaren nondik norakoak eta xehetasunak emango dituzte. Xabier Txurruka alkateak adierazi du agintaldi honetan Torreoia eraberritzeko konpromisoa hartu zutela. Proiektua udalean onartu dute jada, eta obrak lizitaziora atera aurretik, udazken honetan egin nahi dituzten lanen xehetasunak azaldu nahi dituzte jendaurrean, ostegun honetako bileraren bidez.