Zarauzko musika erdigunera

Onintza Lete Arrieta 2018ko abu. 1a, 11:03
Nekane Iribar zinegotziak aurtengo protagonistetako bi izan zituen alboan aurkezpenean: Xabier Zabala eta Garikoitz Mendizabal. (Dorleta Agiriano Lai)

Udako Musikaldiak 30 urte beteko ditu aurten, eta horregatik kontzertu berezia egingo dute abuztuaren 24an. Umeentzako ipuin musikatuak ere antolatu dituzte aurrenekoz.

Iritsi da abuztua, eta urtero bezala, Zarautzen Udako Musikaldia ospatuko dute datozen egunetan. 30. urteurrena ospatuko dute, gainera. Joan den ostiralean aurkeztu zuen egitaraua Nekane Iribar Kultura zinegotziak, eta alboan izan zituen aurtengo protagonistetako bi: Xabier Zabala musikari zarauztarra eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra. Biek hartuko dute parte, izan ere, urteurrenaren harira antolatu duten kontzertu berezian. Abuztuaren 24an izango da, baina aurrez beste hiru kontzertu entzuteko aukera egongo da Santa Maria la Real parrokian. Iaz baino bat gehiago, Iribarrek azaldu zuenez.

Beste berrikuntza bat ere izango du aurtengo musikaldiak. Izan ere, aurreneko aldiz haurrentzako ipuin musikatu emanaldiak antolatu dituzte. Bi saio egingo dituzte, horiek Imanol Urbieta Musika Eskolan.

Bereziena, hilaren 24an

Xabier Zabalak eta Garikoitz Mendizabalek eman zituzten urteurreneko kontzertuari buruzko xehetasunak. Zabalaren abestiak eskainiko dituzte, eta besteak beste, Mollarri abestia estreinatuko dute. Gonbidatu bereziak egongo direla ere jakinarazi zuten, tartean «Miren Fernandez musikari handia».  

Mendizabalek Zabala goraipatu zuen. «Sekulako pertsona eta musikaria da; luxua da berarekin lana egitea. Ezagutzen dut txisturako sortu duen lana, eta niretzat oso hunkigarria da Zarautzen hamabostaldiaren barruan bere piezak jotzeko aukera izatea beste musikariekin batera», nabarmendu zuen.

 

EGITARAUA

Parrokiko kontzertuak

Ordutegia. Guztiak 22:00etan (abuztuaren 19koa, 20:00etan).

  • Etzi, ostirala. Alaia Quintet, Musikeneko haize-boskotea: Daniel Huertas (klarinetea), Pablo Bajo (tronpa), Tomas Alcocer (txirula), Olatz Pineda (oboe) eta Iñigo Aranburu (fagota).
  • Abuztuak 10, ostirala. Josetxu Obregon (txeloa) eta Daniel Oiarzabal (organoa).
  • Abuztuak 19, igandea. Lamin. Kalakan & Duo L’Incontro. Francesca Romana Di Nicola (harpa), Itziar Lujanbio (oboe) eta Kalakan: Xan Errotabehere, Pierre Sangla eta Jamixel Berau (hirurek ahotsa eta perkusioa).
  • Abuztuak 24, ostirala. Xabier Zabala (pianoa, akordeoia eta zuzendaritza musikala), Garikoitz Mendizabal (txistuak) eta Kaabestri: Oscar Lopez (I. biolina), Igor Torre (II. biolina), Arkaitz Martinez (biola), Jon Larraz (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Pedro Martinez (tronpa), Alazne Alberdi (tronpa) eta Jorge Pacheco (perkusioa). Gonbidatuak: Alberto Urretxo (Bilboko Orkestra Sinfonikoko tronboi bakarlaria), Agus Barandiaran (Korrontzi) eta Miren Fernandez (abeslaria)

Musika eskolako ipuin musikatuak

Ordutegia. Guztiak 11:30ean.

  • Abuztuak 4, larunbata. Ipuinak harpa eta txalapartarekin: Ane Artetxe (harpa), Saioa Aizpurua (kontalaria).
  • Abuztuak 25, larunbata. Ipuinak biolontxeloarekin: Itziar Lertxundi (txeloa) eta Amaia Puin (kontalaria).