Egur artean oparia zegoen

Onintza Lete Arrieta 2018ko abu. 2a, 09:00
Egunero joaten da AbendaƱon duen tailerrera Jose Luis Lasa. Pasioz erakusten ditu bere lanak eta ideiak. (Onintza Lete Arrieta)

Surflariaren omenez izeneko eskultura malekoian jarrita ikusiko du datorren urtean Jose Luis Lasa eskulturgile zarauztarrak. Bizitza osoa darama egurrari lotuta; aurrena ofizioz, gero afizioz.

Berezitasunak ditu gustuko, ez kopiak. Horregatik, ikertu egin zuen ea norbaitek eskainia zion lehendik surfari halako eskulturarik. Buruan ezezkoa argi geratu zitzaionean, orduan hasi zen lantzen ideia, eta datorren urtean malekoian jarria ikusiko du bere obra Jose Luis Lasak (Zarautz, 1943).

Begirada batera, azken urteetako sorkuntzek badute Eduardo Chillidaren lanaren tankera, eta horren jakitun da. «Horretan kezka handia dut, ez dut berdina izan nahi. Horregatik izaten ditut zalantzak sortzerakoan, desberdindu nahi dudalako ahal dudan guztia. Asko gustatzen zait artista hori, baina ez dut gauza bera egin nahi». Horregatik, eskultura bereko pieza guztiak desberdinak egiten ditu. Besoak mehetik lodira edo alderantziz, loditik mehera doaz. «Hori nire ezaugarri bat da, nire-nirea, eta hori nahi dut azpimarratu», azaldu du.

Abendañon du tailerra. Handia, bi zatitan banatuta. Ate nagusitik eskuinetara, lana egiten duen tokia dago; makinaz, mahaiz, erremintaz eta txirbilez betea. Ezkerretara, berriz, erakustokia. Txukunagoa, estetikoagoa, baina betea, hura ere.

Egur artean hazitakoa da, izan ere, Lasa. Ogibidez ere, arotza, Almi familia enpresan. Zoriontsu da egur artean, eta egunero eskaintzen dizkio orduak bere afizioari.


Surfaren bidez, ametsa

Egurrezko pieza abstraktuak egiten ditu zarauztarrak. Ordea, abstrakziotik pixka bat aldendu, eta surfari eskainia dio eskulturetako bat: Surflariari omenez. Surflari bat olatua hartzen ageri da, eta urak surfeko oholaren zati bat estaltzen duen unea jasotzen du eskulturak. Eta pieza horrexek eman dio ospe gehien zarauztarrari.

Pieza originala, egurrezkoa, tailerrean dauka. Haren kopia bat, berriz, brontzean egin, eta Pukas etxekoei eman zien Zarauzko Udalak Aste Santuan egindako omenaldian. Hilabete batzuen buruan, tamaina txikia duen pieza neurri handian egingo dute, malekoian jartzeko, Borghetto aldean. «3Dn egingo da brontzezko eskultura. Horretan lanean ari gara dagoeneko», azaldu du.

Zarauztar bezala, poza badu proiektuagatik, baina ezin du alde batera utzi bere sortzaile papera: «Zarauztar batentzat oso inportantea da bere lan bat malekoian egotea, eta baita niretzat ere, gainera, pentsatzen dut hori betirako izango dela. Baina hori baino garrantzitsuagoa da pieza bat egin dudala surfaren mundua artearekin lotzea lortzeko. Nik dakidanez, inork ez baitu egin halakorik».



Eskultura lantzen hasi aurretik, ikertzeari ekin zion, orain urte batzuk. «Argazki mordoa ikusi nuen, baina eskulturarik ez. Eta lanean hasi nintzenean, surflari batzuei iritzia eskatu nien bide onetik nindoan jakiteko, eta halaxe jarraitu nuen». Amaitutakoan erakutsi zion Xabier Txurruka alkateari, eta hura «oso gustura» gelditu zen ideiarekin. «Biok berehala ikusi genuen malekoia zela toki aproposa eskultura jartzeko. Gainera, berak esana da, eta nik gogoan hartu nion, Zarauzko malekoiko lehendabiziko eskultura zarauztar batena dela–Juanjo Gurrearena– eta bukatu ere zarauztar batek bukatu behar duela. Eta, azkenean, halaxe izango da».

Gustura dago eskulturarekin ere. «Hain toki txikian, ideia asko esaten ditu: surfa, olatua, taula, posizioa, pertsonaia –hain sinple sortua, makiltxo batekin–. Niretzat inportanteena olatuaren dinamika da. Olatuak eman dio mugimendua eta indarra». Horrez gain, uste du herriaren parte garrantzitsua bilakatu dela surfa, eta horrek ere egoki egiten duela eskultura malekoian jartzea.

Aurrez, badu tamaina handiko beste eskultura bat egina: Ameztoi txakolindegiaren upategi aurrean dago, hura ere brontzean. 265 x 200x100 zentimetroko neurriak ditu (ondoko orrian ikus daiteke).


Barrokoaren aldekoa

Eskulturaren munduan «berandu» hasi zen, eta hori handicap modura ikusten duen arren, askorik ez zaiola axola esan du. «Ni nire bidea ari naiz egiten». Bidearen hasiera naturala izan zen bere kasuan. «Argi eta garbi esaten dut nire Arte Ederrak dela etxean ikasitakoa». Izan ere, umetatik familiako altzari tailerraren bueltan ibilia da. Ondoren, berak jarraitu zuen etxeko enpresan, erretiroa hartu arte. «Estilo guztietako altzariak ekoitzi ditugu: gaztetan hasi ginen estilo frantsez tradizionala egiten, Luis XV.a. Garai hartako altzaria tailu askokoa zen, marrazki askokoa. 1970etik aurrera altzari nordikoa egiten hasi ginen, dena zuzen-zuzena, eta hortxe galdu genuen gure arte guztia. Tailua desagertu zen, estilo klasikoa ere bai, ezpalezko zura etorri zen, eta iraultza egon zen altzarigintzan. Baina nik orain onartzen dut gure aberastasuna galdu egin genuela. Prostituitu egin ginen: gure ofizio dena abandonatu genuen».

Nolanahi ere, lanean ikasi zuen ofizioa bere fase guztietan, eta hango esperientzia ari da aplikatzen eskulturan, duela 20 urtetik. Oboide formako figurak egiten hasi zen. «Pila bat» egin zituen, eta gero minimalismora jo zuen. Henry Moore artistaren eskolakoa dela dio zarauztarrak. «Arrautzaren barruan egin nuen lehenengo aldaketa; pixkanaka, hustutzen hasi nintzen. Hustu eta hustu, eraman nau berriz osatzera, muntaiak egitera. Beste pauso bat izan da niretzat», azaldu du.
 
Azken boladan, berriz ari da oboidea lantzen. «Niretzat estetika purua da, barrokoaren estilotik nator eta gustuko dut».