Punta-puntako pilotariak Zarautz Hiria Pilota Txapelketan

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 2a, 13:19
Txapelketan parte hartuko duten zenbait pilotari, Ager Lasurtegi eta Xabier Txurruka gaurko aurkezpenean. (Asegarce)

Bi finalerdi eta finala jokatuko dira, abuztuaren 15ean, 17an eta 19an. Lehenengo finalerdia Azkoitiako Gurea pilotalekuan izango da; bigarren finalerdia eta finala, berriz, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan.

Gaur aurkeztu dute aurtengo Zarautz Hiria Pilota Txapelketa. Ordezkaritza zabala izan da bertan: txapelketan parte hartuko duten pilotariak, Aspe eta Asegarce enpresetako ordezkariak (Inaxio Errandonea eta Rafa Etxeberria), Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Diario Vasco egunkariko Ager Lasurtegi eta Ritxi Lizartza pilota esataria.

Urtero bezala, bi finalerdi eta finala jokatuko dira. Bigarren finalerdia eta finala Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan izango dira, baina aurten, lehenengo finalerdia jokatzeko Azkoitiako Gurea pilotalekua hautatu dute. Lehenengo finalerdia abuztuaren 15ean izango da; bigarrena 17an, eta finala 19an. Aurkezpenean egin dira Zarauzko partidak erabakitzeko zozketak, Xabier Txurrukaren eskutik. Azkoitiko finalerdia, aldiz, aldez aurretik egon da zehaztua.

Beraz, hauek izango dira txapelketako partidak:

  • Abuztuak 15, lehenengo finalerdia (Azkoitiko Gurea pilotalekuan): Olaizola II-imaz - Iribarria-Errezusta
  • Abuztuak 17, bigarren finalerdia (Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan): Altuna III-Zabaleta - Artola-Albisu
  • Abuztuak 19, finala (Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan)

Zarautz Hiria Pilota Txapelketarako bikote indartsuak aukeratu dituzte Aspek zein Asegarcek. Asperen aldetik, Iribarria-Errezusta eta Altuna III-Zabaleta izango ditugu. Asegarcerekin, aldiz, Olaizola II-Imaz eta Artola-Albisu bikoteek jokatuko dute. Bestalde, lehiaketa honetan lortutako emaitzak Codere Rankingean sartuko dira. Bikote irabazleak 200 puntu eskuratuko ditu; bigarrenak 120, eta finalerdia galtzen dutenek 40.

Finalerdiez eta finalaz gain, txapelketan bi partida gehiago jokatuko dira:

  • Retegi II-Erostarbe - Arteaga II-Eskiroz
  • Gorka-Ladis Galarza - Elordi-Irusta