Udazkenean hasiko dira Torreoia birgaitzeko lanak

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 6a, 10:33
Ostegunean Vista Alegreko Auzo Elkartearen lokalean egindako auzo bilera. (Zarauzko Udala)

11 hilabeteko epean burutzeko aurreikuspena egin dute, eta udalak lehiaketara aterako ditu obrak. Ostegunean aurkeztu zuten birgaitze proiektua, Vista Alegreko Auzo Elkartearen lokalean.

Zarauzko Udalak eta Earki Arkitektoak Sociedad Cooperativak ostegunean aurkeztu zuten Torreoia birgaitzeko proiektua, Vista Alegreko Auzo Elkartearen lokalean egindako auzo bileran. Proiektuak udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespena duela adierazi zuten, eta obren lizitazio prozesua martxan da jada.

Udalaren asmoa lanak 2-3 hilabetetan esleitzea, udazken honetan martxan jartzea eta 11 hilabetetan burutzea da. Aurrekontua 923.924,47 eurokoa (BEZ barne) izango da, eta udalak lehiaketara aterako ditu obrak. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi zuenez, "Torreoia eraberritzeko eskaera historikoa da".

Earki Arkitektoak Sociedad Cooperativa arkitektura estudioko arkitektoak, Imanol Agirrek, egingo diren lanen nondik norakoak azaldu zituen ostegunean. Lehendabizi, eraikina osatzen duten elementu ezberdinen moldeak atera eta egiturakoak ez diren elementuak ordezkatuko dituzte, baita Torreoiko goiko solairura joateko zeuden eskailerak ere.

Ondoren, hormigoizko egitura berregin eta sendotuko dute. Era berean, Torreoiko elementu ezberdinen kopiak egin eta dagokion lekuan kokatuko dituzte. Gero, azpiegiturak ezartzeko lanak egingo dira, eta azkenik, terraza inpermeabilizatu, hormigoizko horma txukundu eta elementu guztiak zarpiatuko dira, inguruan urbanizazio lanak burutzeaz gain.

Txurrukak gehitu zuen proiektuaren helburua Torreoia bere osotasunean birgaitzea dela, "eraikina errespetatuz eta bere historiarekin fidelak izanez". Bestalde, pertsonen segurtasuna bermatu eta mantenu baxuko materialen bidez eraikinak dituen patologiak konpondu nahi dituzte.