Ainhoa Baglietto: "Presoen eskubideen zanpaketari ahotsa jartzeagatik jo zuten gure aurka"

Dorleta Agiriano Lai 2018ko abu. 9a, 11:50
Ainhoa Baglietto. (Aritz Mutiozabal)

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, euskal presoen eskubideen urraketaren aurka jarduten zuten 47 lagun epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean. Auzipetuen artean dago Ainhoa Baglietto (Zarautz, 1971) abokatua.

2015ean, hainbat abokatu atxilotuak izan zineten, "ETAren espetxe frontea" osatzea egotzita. Nola izan zen gertakari hura?
Edozein epaitegi arruntetan, prozesu bat irekitzean, normalena zitazioa izaten da. Epaitegira deitzen zaituzte. Dena den, kasu batzuetan, epaitegira deitu beharrean, zuzenean atxiloketa ematen da. Kasu anormalena da, baina azken finean, ohikoena Auzitegi Nazionalean. Gu ez gintuzten zitatu; atxilotu eta Madrilera lekualdatu gintuzten, nahiz eta gutako askok Auzitegi Nazionalean egiten genuen lan, egun bat bai eta hurrengoan ere bai.

Atxiloketarekin bilatzen zutena irudi bat zen. Ez ziren galdeketak egiten saiatu, ez zuten gure deklarazioa bilatu, ez ziren ezertan ahalegindu. Aldez aurretik eraikita zegoen dena, txostenak idatzita zeuden eta akusazioak eginda zeuden, izan ere, fiskalak poliziak hasieran egindako txostena baliatu du gure kontra jotzeko, aldaketarik egin gabe.

Zer gertatu zen atxiloketaren ondoren?
Atxilotzean, lehenengo deklarazioa komisaldegian hartzen dizute. Guk ez genuen deklaratu; ukatu egin ginen. Gure kasuan ez zen torturarik egon; garaiak aurrera zihoazen, eta gainera, gure atxiloketak oihartzun handia izan zuen. Izan ere, etapa desberdinetan izan arren, lan publikoa egiten zuen jendea atxilotu zuten.

Komisaldegiko deklarazioaren ondoren, epaitegian hartzen dizute deklarazioa. Hor ere akusazio guztiak ukatu genituen. Hurrengo pausoa, zu zitatzeko edo atxilotzeko oinarri hartu duten txosten poliziala baieztatzeko edo ezeztatzeko ikerketa bat irekitzea da, nolabait, poliziak esaten duena egia edo gezurra den ikusteko. Gure kasuan, gure bulegoetan edo bestelako lekuetan egindako miaketetan hartutako dokumentuak baino ez ziren. Prozedura horretatik ez zuten inor atera, denok jarraitu genuen akusaziopean.

Eta zer etorri zen gero?
Auzipetze-auto horretan, behin-behineko akusazio bat jarri zen mahai gainean. Kasu honetan, akusazioak egiteko, poliziak egindako txostenak kalkatu ziren, guk esandakoarekin edo berez egin beharko luketen ikerketarekin kontrastatu gabe. Suposatzen da fiskalak zehaztu egin behar duela akusaziopean dagoen bakoitzari zein ekintza konkretu egozten zaizkion. Gure kasuan, hori ez da bete.

Abokatuon aurkako akusazioak copia-pega bat dira. Adibidez, prentsaurrekoak ematea egozten zaigu guztioi, baina ez da inon zehazten zein prentsaurrekotaz ari diren, noiz eman ziren, nola...  Azken finean, zein den delitua. Guztiz akusazio anbiguoak dira, zehaztu gabeak.

Sumarioaren amaieran, fiskalak balorazio bat egin eta noren kontra joko duen erabakitzen du. Gure kasuan, guztion kontra jo zuen, 47 pertsonen kontra. Eskaera fiskalak 11-20 urte bitartekoak dira, eta gure eskualdean hiru pertsona gaude auziperatuta.

47 kide zaudete auzipetuta...
47 pertsona horien artean, alde batetik, Herrira koordinakundeko jendea dago. Mugimendu honen helburua presoek espetxeetan jasaten dituzten eskubide urraketak salatu eta sozializatzea izan zen. Aspalditik egon da kezka hau gizartean, eta azken finean, kezka horri ahots bat jartzen saiatu zen. Bestetik, Etxerat elkarteko jendea atxilotu eta auziperatu zuten, hau da, presoen senideak; senideen ikuspegitik salaketak egiten zituztenak. Azkenik, abokatuak eta medikuak ere izan ginen atxilotuak.

Zein izan da abokatuen eginkizuna?
Edozein abokatuk bezala, gure bezeroen defentsa juridikoa egin dugu. Baina Auzitegi Nazionalak oinarrizko eskubidea den defentsa modu errealean gauzatzea oztopatu izan duenez, gure esku egon izan diren legezko bide guztiak jorratu ditugu, tartean, Europako tribunalak, Arartekoa, prentsaurrekoak etab. Besterik ez. Eta hain zuzen ere, horixe da gure kontra dagoen akusazioa; prentsaurrekoak ematea, abokatuen elkarte bat osatzea, eta azken finean, presoek jasaten dituzten eskubide zanpaketak salatzea, nahiz eta hau ez duten horrela azaltzen, noski. Hau guztia ETAren agindupean egin dugula diote. Eta jakina, hau guztia gezurra da.

Medikuen kasuan, euren kodigo etikoaren arabera, espetxeetan presoen zenbait eskubide urratzen direla uste duten medikuak dira. Beraz, beren elkargoari egoeraren berri emateaz gain, zenbait prentsaurreko egin zituzten, eta hau da euren kontrako akusazioa.

Abokatuok beti izan gara lekuko deseroso bat Guardia Zibilarentzat, eta orokorrean espainiar estatuarentzat. Gu izan gara lehenengoak inkomunikazioa altxa eta Unai Romano ikusi genuenak, edo Iratxe Sorzabal ikusi genuenak. Hau guztia prentsaurrekoetan azaldu dugu, senideekin egon gara, nazioartera jo dugu; Parot doktrina errekurritu dugu, espainiar estatuaren zanpaketak Europaraino eraman ditugu... Lan hau abokatuona izan da, eta oso mingarria eta deserosoa izan da beraientzat.

Azken finean, beraien demokrazia itxura hori altxa eta azpian dauden trapu ustelak ateratzea nolabait ordaindu egin behar genuen. Berdin medikuekin, berdin senideekin, eta berdin hau salatzeko mugitzen eta antolatzen den edozein herritarrekin. Erregimenaren kontra doan edozein egon zitekeen beraien jopuntuan.

Zein testuingurutan gertatu ziren zuen atxiloketak?
Gure kasua, noski, testuinguru baten barruan ulertu beharra dago. Zergatik bururatu zitzaien 47 pertsona atxilotzea? Hau ez zen bat-bateko zerbait izan, historia bat dago atzetik. Historia hori, nolabait presoen animoa suntsitzera datorren politika eta estrategia oso bat da. Estatuak presoen damua bilatzen duen politika bat abiatu zuen aspaldi.

Bere garaian, duela jada 30 urte, legedia antiterrorista bat sortu zen. Honekin, preso arruntei eta borroka jakin bat egiteagatik atxilotuak eta espetxeratuak zirenei, bi legedia eta politika desberdin aplikatzea bilatu zen, bereizketa eginez. Bigarrengoei aplikatutako politika askoz ere gogorragoa zen, eta baita kondenak ere. Legedi hau urtetan zehar aldatzen eta gogortzen joan da, beti ere, helburua preso hauen damua eta isolamendua izanik. Beraiek isolatzen saiatu dira, kanpoan, herrian dagoen elkartasunetik.

Zer ondorio izan zituen politika horrek?
Legedia aldatzearen ondorioetako bat erredentzioak kentzea izan zen. Orduan, hurrengo pausoa presoek 30 urte osorik bete behar izatea izan zen, eta hurrengoa, 40 urte egin behar izatea. Baldintzapeko askatasunak sistematikoki ukatu ziren. Bestalde, lehen presoek herrialdekako zaintza epaitegietara jo zezaketen. Dena den, epaitegi hauetan presoek jasaten zituzten eskubide urraketetaz eta honen jatorri politikoaz ohartzen hasi zirenean, Auzitegi Nazionalaren menpe egongo zen zaintza epaitegi zentral bat sortu zuten. Bestalde, garai baten, 100 lagun baino gehiago joan zitezkeen presoa bisitatzera, launaka edo. Gero, zerrenda hori 10 pertsonara murriztu zuten. Honetaz gain, hor daude sakabanaketa, isolamendua, lehenengo graduan mantentzea... Honek guztiak, noski, helburu bat zuen eta du.

Eta nola ulertu behar dugu zuen aurka jo izana?
Estrategia honen guztiaren azken puntua izan zen egoera honi eta presoen eskubideen zanpaketari ahotsa jarri genienen aurka jotzea. Hau baino ez da gure prozedura. El Correok berak ere esan du gure prozedurak ez duela ia substantziarik, ezer ez esateagatik. Beraiek lortu nahi zutena beldur hori sortzea zen, gutako bakoitzarengan, denongan, presoak are gehiago isolatzeko.

Gure kasua duela urte batzuk sortutako prozedura baten barruan ulertu beharra daukagu, lehendik datorren testuinguru baten barruan. Gure atxiloketek oihartzuna izan zuten, salaketa handia egon zen. Baina beraiek horrelako zerbait egitera ausartu baziren, urtetan zehar aurrera eraman duten estrategiaren nolabaiteko onarpen bat egon delako izan zen. Alderdi politiko askok "dena ETA da" logika onartu dute, eta ez ikusiarena egin dute hainbat egoera eta salaketen aurrean, izan torturak izan oinarrizko giza eskubideen urraketak. Onarpen maila honek egin du posible sistematikoki gurea bezalako kasu larriak gertatzen jarraitzea.

Orain hainbat alderdi politikok diote badela garaia sakabanaketarekin amaitzeko, torturarik ez egoteko... Eta bere garaian, zergatik ez zen? Oinarrizko eskubideen urraketari buruz ari gara, estatuaren partetik. Legearen urratzea, legearen urratzea da guztiontzat. Hau da hain zuzen ere guk salatzen genuena, eta gai izan baziren gure aurka joateko, alderdi askok bere garaian ere ezer egin ez zuelako izan zen.

Epaiketarako datarik oraindik ez dute zehaztu, ezta?
Oraingoz ez dago datarik. Gure kasua urtarrilean jadanik kalifikatuta zegoen, beraz, suposatzen zen irailerako datak jarrita egon behar zuela, baina ez dute jarri. Hau guztia ere politika da, eta ez dakigu zein interes egon daitezkeen atzetik: noiz egin, zenbateraino atzeratu, aurreratu, zergatik... Ez dakigu noiz eta nola izango den, dakigun bakarra da egingo dela. Printzipioz, fiskalak eta akusazioek duten programaren arabera, hiru hilabete inguruko epaiketa bat izan daitekeela aurreikusten da. Honek ikaragarrizko gastu ekonomikoa suposatuko du, eta honi aurre egiteko bono-laguntza batzuk atera behar izan ditugu, herritarrek beren elkartasuna eman ahal izateko.

Zeintzuk dira zuen aurkako eskaerak?
11-20 urte bitarteko eskaera fiskalak ditugu. Izugarria da eskaera hau. Garai batean, ETAko buruzagi izateagatik, 12 urteko zigor maximo bat eskatzen zen. Duela urte batzuk, Kode Penalean artikulu bat sortu zen. Artikulu horren arabera, borroka armaturik ez bazegoen, aringarri bat aplikatzen zen, eta 6 urtera murrizten zen eskaera. Hala ere, guri 11-20 urte eskatzen dizkigute. Gainera, guri ETAren agindupean jardutea egotzi ziguten, ETAk behin betiko armak utzi ondorengo garaian.