Gaztelekuak antolatutako Uda Gazte programazioak arrakasta izan du

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 8a, 10:36
Mollarrira egindako irteeraren irudi bat. (Zarauzko Udala)

Hilabetean zehar, guztira 582 nerabek erabili dute zerbitzua. Irteera eta ekintza ugari egin dituzte, bai Zarautz eta inguruetan, bai kanpoan.

Haize Orratz Gaztelekuak uztailerako antolatutako Uda Gazte programazioak arrakasta handia izan du, Jon Andoni Urdangarin Gazteria zinegotziaren arabera. Hilabetean zehar, guztira 582 nerabek erabili dute zerbitzua, eta antolatu diren irteera eta ekintzetan 250 nerabe elkartu dira.

Programazioa antolatzeko, ekainean zehar gaztetxoek ekintzen proposamenak egin zituzten, eta gero, hezitzaileek proposamen horietan oinarritutako programa diseinatu zuten. Honela, irteera eta ekimen ugari antolatu ziren, bai herrian eta inguruetan, bai kanpoan.

Zarautzen eta inguruetan antolatutako ekintzei dagokienez, Getarian snorkel egiteko, Mollarrin afaltzeko eta zenbait txapelketetan parte hartzeko aukera izan dute nerabeek. Bestalde, irteerak egin dituzte Irungo karting parkera, Senpereko Wipe-Out jauzietara, Baztango tirolinara eta Gamarrako igerilekuetara, besteak beste.

Gauzak honela, Urdangarinek Haize Orratzeko hezitzaileen lana "balorean jarri" nahi izan du: "Beraien eguneroko lan paregabearen fruituak dira emaitza on hauek". Nerabeei ere eskerrak eman dizkie, "izandako jarreragatik" eta "ondo pasatzeko gaitasuna" erakutsi izanagatik.