Hazilan proiektuaren 6. ediziorako izen-emate epea ireki dute

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 8a, 10:58
Hazilan proiektuaren 5. edizioa.

Urola Kostako Udal Elkarteak irailera bitartean mantenduko du zabalik. Ondoren, abuztuan zehar jasotako eskaerak aztertuko dituzte, profil egokienekin behin betiko taldea osatzeko.

Ireki dute jada Hazilan proiektuaren 6. ediziorako izen-emate epea, irailera arte. Edizio honetan, kudeaketa sistemen gaia landuko dute parte hartzaileek. Izan ere, Urola Kostako Udal Elkarteak adierazi duenez, kudeaketa sistemek garrantzia handia dute enpresa txiki eta ertainen ekoizpen prozesuetan; baita eskaintzen dituzten zerbitzuetan ere. Ikastaroa irailaren 11an hasiko da, eta 5 hilabetetakoa izatea aurreikusten da (280 ordu).

Parte hartzaileek hainbat ezagutza, tresna eta baliabide eskuratuko dituzte, eta bi fase nagusi izango ditu prestakuntzak. Lehenengo, Aktibatu izeneko fasean, zeharkako konpetentziak landuko dira, pertsonalak nahiz profesionalak. Ondoren, Talentu ihesa deituriko bigarren fasean, kudeaketa sistemen gaineko eduki eta tresna zehatzak barneratuko dira. Azkenik, eskualdeko enpresa eta elkarteetan garatuko dituzte proiektuak.

Ikastaroan izena emateko bi modu daude. Alde batetik, interesatuak Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratu daitezke. Bestetik, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidaltzeko aukera dago, helbide honetara: hazilan@urolakosta.eus. Eskaera egiteko orria Udal Elkartearen webgunean dago eskuragarri: www.urolakosta.eus.

Argibide gehiago behar izanez gero, deitu 943 89 08 08 zenbakira (Vanessa Garcia), bidali mezu bat hazilan@urolakosta.eus helbidera edo arakatu http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/hazilan-programa webgunea.